Nafarroako Gobernuak Hizkuntza Politikaren Plan Estrategikoaren proposamena aurkeztu zuen urriaren 21ean, Gizartearen parte hartzeko aldia zabalduz.
Egun historikoa izan zen, zeren, Nafarroan, orain arte ez baita sekula santan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko plan sendorik izan. Eta gure belaunaldiari dagokionez, Euskararen Legea 1986. urtean onartu zenetik, hogeita hamar urteko atzerapenarekin badator ere, azkenean heldu da.
Urte horietan guztietan, UPN-PSN (PSOE) binomioaren agintepean euskaldunak ezdeusa izan gara. Alderdi horientzat, eremu euskalduna edo iparraldeko erreserba izan da neurri batean aintzat hartu beharreko bakarra. Baina, euskara Nafarroako herritar gutxi batzuen hizkuntza dela eta administrazioko lanpostuak eskuratzeko bazterkeriarik ez dela egin behar aitzakiatzat hartuta, euskaldunok ikusezinak izan gara, eta erreserbatik ateraz gero, arrotz.
Plan horretan jasotzen denez, helburua izanen da gizartearen eremu guztietan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea, horretarako administrazio publikoaren baitan eraginez eta baliabideak jarriz.
Laster, Gobernuaren leihatiletan ‘no hablo vaassko’ txistukari igurzkariaz nabarmenduta entzundako esaldiaren aurrean ezpainak estutu eta burua makurtu ordez, burua tente eta begietara zuzen begiratuz ‘puess, usted no tiene cualificación para ese puesto de trabajo’, esaterik izanen dugu.