Itsasoaz bestaldeko andreak zutik

kolaboratzaileak

...y en eso llegó Fidel / Se acabó la diversión, llegó el comandante y mandó parar (Carlos Puebla). Ezkerretik urteak eman ditugu borrokan irmo neoliberalismoaren eta globalizazioaren ondorioen aurrean. Batetik, enpresen lekualdatzeengatik, langabezia eta lan-baldintzak izugarri txartu dira. Bestetik, TTIPa (AEB-Europa merkataritza libreko hitzarmena) bezalako egitasmoen aurka, horren atzean ezkutatzen diren ekoizpen ereduek gizateria eta mundua bera txikiziora daramatelako. Duela hilabete pare bat eskas, hitzarmen horri ezetza emanez Nafarroako 30 udaletik goiti sinatu zuten, horien artean Ziordiak, Altsasuk, Urdiainek, Bakaikuk, Etxarri Aranatzek, Lakuntzak eta Ergoienak. Bada, protagonistak berdindu gabe, habanerari ideia lapurtuta, bat-batean Trump etorrita, esan du: aski!

Trump, showmana, ahoberoa, matxista, arrazista eta nabarmena. Kritika gordinen hartzaile, eta, “guztiek”   bizkar eman badiote ere, Presidente! Nahikoa izan ditu 140 karaktere, tuit bat, eta TTIPa etorkizunik gabe. Beste tuit bat, eta Ford auto-ekoizleak izoztu egin du inbertsioa Mexikon, eta horren ordez eginen du Michiganen. Beste tuita eta Asiarekiko merkataritza libreko hitzarmena pikutara. Gero, Mexikoko mugako harresiaren gatazka eta Ekialdeko herritarrekiko afera. American first aldarrikatzen du ozen.

Aberatsa. Multinazional eta holding ekonomikoen aurka, eromena! Ekonomiaren marrazoak mutu, Wall Streetek irabaziak puztu egin ditu. Hedabideek, oro har, gaitzetsi dituzte neurri horiek. Ezkerreko esatariak jokuz kanpo, harriturik. Erabakietan ados, helburuetan sinesgaitz. Hala ere, pena, hemengo krisiaren gogorrenean, ez Rajoyk, ez Barcinak, ez beste inork, horrelako tuit bizkorrik idatzi ez izana.

Trump, burrunbatsu heldu da, indartsu eta konplexurik gabe. Tuit bidez, aldatzen ari da Chomskyk kritikatu zuen Munduaren Ordena Berria. Hala ere, ez dakiola doan atera bere harropuzkeria, Hertzainak gogoratuz, Si Vis Pacem, Parabellum (bakea izateko, prestatu gerra). Dagoeneko, itsasoaz bestaldeko emakumeak zutik dira!