Euskal Herria, banden herria

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2017ko mai. 5a, 08:19

kolaboratzaileak

Joseba Sarrionaindiak, ‘Lapur banden etika ala politika’ liburuan, euskal gizartearen aldaketaren premia nabarmentzen du, zehazki, elkarren aurka aritzetik elkarlanean aritzeko jauzia egitea. Izan ere, historikoki, banden arteko borroka bortitza oso presente izan da Euskal Herrian. Erdi Aro osoan, Araban, gebararrak eta mendozarrak. Gipuzkoan, ganboarrak eta oinaztarrak. Bizkaian, abendañoarrak eta butroiarrak. Eta Nafarroan, agramondarrak eta beamondarrak. Lehenengoak Nafarroaren alde; bigarrenak Gaztelari begira. Azkenean, denak Gaztelaren mende. Geroago, karlistarrak eta liberalak, errepublikarrak eta frankistak, eta   azkenik, ETAren eta Estatuaren artekoa. Makina bat heriotz eraginda. Makina bat negar isurita.
Alabaina, ametsa ote Sarriren gogoa? Zeren bandarik gabeko Euskal Herria utopia baitirudi. Nekez bilduko dira elkarrekin biktimak eta biktimarioak. Edo, euskal abertzale sutsuak eta espainiar patriota amorratuak. Edo, politikari boteretsu ustelak eta pentsiodun txiro gizajotuak. Edo, bankari aberats handi-mandiak eta langile xume prekarioak.
Hala ere, zailtasunak zailtasun, aro berri honetan, ‘biolentoak-ez biolentoak’ diskurtsoa edo hitzaldia gaindituta, elkarrizketa eta zubiak eraikitzeko gaitasuna balioetsiko da.   Hortaz, kontua ez da izanen bandak desagertzea, hitzaldian eta ekintzan garaitzea baizik. Horretarako, politika berria beharko da, zauriak orbaintzea, justizia soziala ziurtatzea eta burujabetza bermatzea oinari izanen dituena. Oraindik ez dut aldaketarik sumatu, baina Madrilen ari duen kaka ustel pilari eta Parisi begira egon beharrean, argi dago Euskal Herrietan irabazi behar dela etorkizuna.
Eta egiatan, Sarrionaindiaren liburua, oso gomendagarria.