Nafar Bandera

kolaboratzaileak

Bazen garaia! Azkenean, herri-talde bat nafar banderaren defentsan. Bihar, ekainaren 3an, manifestaldia. Dena gure banderagatik, dena Nafarroagatik, horixe baita gure batasuna eta gure aniztasunaren ikurra. Sinboloen legea bertan behera utzita, Ikurriña jarri ahal izateko, gure Banderari laidoa edo iraina. Nafar identitatea kamustu Euskadiri merke saltzeko. Izan ere, ez dira fidagarriak nazionalistak. Gogoratu, bestela, Gipuzkoako armarritik berriki kendutako kanoiak, Belaten lapurtuak, Nafarroa birkonkistatzeko gudarosteari lapurtuak. Edo, hain kuttuna duten santua eta patroia, Inazio Loiolakoa, Nafarroako konkista-gerran sutsuki borrokatu zena Iruñeari setioa jartzen eta hantxe larriki zauritua. Edo, Bidasoako eskualdea Nafarroari 1200. urtean erauzia (Irun, Lezo, Oiartzun, Errenteria eta Pasaia Donibane), XIX. mendean ere Nafarroara itzultzeko saiakera sendoa egindakoa. Zuzenduko al dituzte laido horiek? Kanoiak itzuliz, Inazio Loiolakoa pertsona ‘non grata’ izendatuz, eta Bidasoarentzat Erabakitzeko Eskubidea bermatuz.  
Tamaina horretako laidoen artean, zer garrantzia dute CANen auzian ke bihurtutako mila berrehun milioi euroek? Edo zor publikoaren hiru mila bostehun milioiek? Edo itzaleko autobideengatik gainetik ordaindu beharreko zortziehun milioi euroek (eraikitze prezioa hirukoiztuz)? Edo Nafarroako udaletan espainiar bandera jarri behar izateak, ez nazionalistek eta ez errepublikazaleek, onartzen ez badute ere? Edo, beste hainbat kontu txiki?
Pikutara! Hantxe elkartuko dira nafarron ekonomia eta demokrazia itotzen duten putreak Nafarroako banderaren azpian mozorroturik eta bihotzean piperpotoaren koloreak habiaratuta.