Ilargiak aurkitu arte

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2017ko eka. 30a, 08:03

kolaboratzaileak

Aurreko asteko Guaixen sanjoanak eta herrietako festak iragartzen ikusita, pentsatu nuen denboraren gurpilak ez duela atzera-bueltarik eta bete-betean sarturik gaudela udaldiko sasoirik gogozkoenean. Azkenean, oporraldia!
 
Egunak nabarmen luzatzen diren honetan, norberaren bizkarrean zamatzen dira lan-kargaren nekeak eta bizitzaren estresaren aztoramenak. Baina, ailegatu da eguneko eta gaueko orduak nahierara moldatzeko garaia. Bakoitzak bere une goxoak izanen ditu opor-egun horiek irudikatzeko gogoan. Eguzkiaren epela, larrua erre gabe. Itsasoaren gazia, jendetzaren artean ito gabe. Garagardo freskoa, tabernako lurrun-kiratsik gabe. Seme-alabekin patxadan jolastea, egin beharrik izan gabe. Maite duzun horrekin goxo afaldu ondoren,  patxadan egotea gaueko orduak aurrera doazelako kezkarik gabe. Azkenean, norberarendako denbora!
 
Lehen ere, denbora izan bagenuen, baina agendan sartuta genuen. Oporretan ez. Oporretan, denbora norberarena da, jakina, agendan sartzen ez bada.
 
Batzuetan gertatu izan zait oporretako denbora hori ere agendaren barnean sartu behar izateko premia, pentsatuz, egunez egun eta orduz ordu planifikatuz gero, probetxu hobea aterako niela oporrei. Baina aurten ez, aurtengo oporraldian denbora ez dut agendan sartuko; aurten niretzat gordeko dut. Sabinaren abesti ezagunak dioen bezala, ilargiak aurkitu arte: y empecé esta canción / en el cuarto donde aquella vez te quitaba la ropa / y nos dieron las diez y las once, las doce y la una / y las dos y las tres / y desnudos al amanecer nos encontró la luna.