Musikaz blaiturik, gozatu oporraldia!

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2017ko uzt. 28a, 08:44

kolaboratzaileak

Udaldiaren ardatzean gaude. Guaixe, urte beteko plangintza burututa, oporretara. Ongi irabazita! Beste batzuk, bueltan lanera. Niri dagokidanez, Euskadi Irratiko saio bati ideia lapurtuta, nire bizitzan tokitxoa duten hamar abesti gor bereizita emanen diot sasoi honi amaiera. Hurbilenekoetatik hasita, opor aroari atea irekitzeko, bizipen atsegingarriak gogoratuz egitea ariketa egokia baita.

Lehenengoa, “Zure aurrekari penalak”, Anarirena. Ahots latz eta sarkorra. Sentimendu sakonak, pilularik lasaigarriena. Bigarrena, “Quién me ha robado el mes de abril” Joaquín Sabinarena. Nola gertatu zitzaidan niri? Poeta bihurriaren pozik sentiarazteko abesti tristea. Berriki zait madrildarra gustagarri. Hirugarrena, “Oi Ama Euskal Herri” Benito Lertxundirena, Ahots grabe zarrastatua, Euskal Herriaren eta askatasunaren bardoa. Laugarrena, “Txorian Txori”, Mikel Laboarena. Edozein egoeratan, hainbestetan abestua. Bosgarrena, “Parrandan”, Takolo, Pirritx eta Porrotxena. Seme-alaben eta gurasoen gozagarri. Seigarrena, “The Show Must Go On”, Queena.

Norbaitek daki zertarako bizi garen? Bidaia luzeetarako laguna. Zazpigarrena, “Highway to Hell”, AC/DCrena. Erraz biziz, aske biziz. Gitarren punteo zirragarriak! Gaua, parranda eta eromena. Zortzigarrena, “Egun batean Loiolan” Eganena. Hainbat plazetan maitasunaren pinpilinpauxaren dantzari lotuta. Bederatzigarrena, “Nikaragua Nikaraguita” Mejia Godoirena. Mojitoen eta dantzaldien artean, mundua aldatzeko adina indar genuela sinesturik. Hamargarrena, “Lepoan hartu ta segi aurrera” Pantxoa eta Peiorena. ‘Ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik, nor geran, zer geran aitortzeko!’ Gaztetasuna, parranda eta borroka griña. Beste hamaika izan litezke, baina horiexek bereizita, musikaz blaiturik gozatu oporraldia!