Amaitu berri den udan bitan egokitu zait Bartzelonara joatea eta hainbat egun eman ditut bertan, batzuk atentuaren aurretik, besteak ondoren, denak erreferendumaren ekaitzaren barnean. Horrexegatik, beharbada, arreta handiz behatu ditut bazterrak, ibilian, ez metro, ez bus. Hiri handia, egunerokotasunaren zirimola bizian murgildurik.
Guztiaren artean, Montjuic-ek utzi dit arrastoa. El Poble-sec auzotik abiatuta, Joan Brossa parke labirintikotik kaskoraino. Hor, zeru urdinaren azpian, auzoak, orratz-etxeak eta durunda alde batera; itsasoa, kaia eta industrialde zaratatsua bestera; eta mendiari gailurra eginez, Montjuic-eko gaztelua. Eraikin historikoaren edertasunaz gain, Kataluniaren eta Bartzelonaren historiaren erakusketa bikaina.
Hor, datu batek eman zidan arreta: hainbatetan izan da Bartzelona suntsitua, eta bitan bortizki bonbardatua. Azkena, 1938an, errepublikaren alde borrokatzeagatik, Frankoren aliatu Musolini italiarraren aginduz, ia mila hildako eta berrogeita zortzi eraikin suntsituta eta 80 larriki kaltetuta. Aurretik, karlistaldiaren garaian, 1842an, Esparteroren aginduz, ehungintza-industria babestu nahi zuten herritarren altxamendua zapaltzeko, 104 proiektil, 30 hildako, 460 etxe hondatuta, eta, ondorengo errepresio bortitzean, ehundik gora fusilatu. Orduantxe bota zuen Esparterok bere esaldi ezaguna “Bartzelona, gutxienez, berrogeita hamar urtetik behin bonbardatu behar da”.
Kataluniako erreferenduma dela eta, Rajoyk, Saenz de Santamariak eta Maza fiskalak “beharrezkoa dena” hitzei jarraikiz, autonomia interbenitu eta parlamentarioak eta zinegotziak inputatzen ari dira. Tankera horretako neurriei ez ote darie ideario esparteroarraren kiratsa? Konkista, inposaketa eta bortizkeria. Horrexegatik, herri batek era baketsuan eta askean burujabe izateko zilegitasuna duelako, ezin besterik aldarrikatu: Visca Catalunya LLiure!