Kataluniako afera politikoa dela eta, eguna joan eguna etorri asaldaturik
gabiltza hurrengo urratsa zein izanen den asmatu ezinik. Hitchcockek ere ez zukeen hainbeste suspentserik sortuko. Nolanahi
ere, armarik gabe, edozein egitasmo politiko gauzatzerik bazela esaten zen euskal gatazkaz, baina hori gezur hutsa dela ikusten ari gara, batez ere, aldarrikapen hori gauzatzeko bermerik ez bada.
Horregatik, kataluniar gatazka makina bat ikasgai eta irudi eskaintzen
ari zaigu. Hona hemen horietako batzuk. Lehenengoa, Govern; egoera juridiko-politiko autoritarioaren araudi zurruna gainditzeko ausardia eta kemena. Bigarrena, espaniarkeria, gaztelar
kulturan errotua, konkista eta asimilazioz nagusituta, kulturalki
eta politikoki supremazista, ingelesaren sustatzaile bertako
hizkeren aurka, eta erabat zentralista eta monarkikoa (PP-PSOE_Cs). Hirugarrena, espainiartasuna, nazionalitateen arteko parekidetasuna
eta lankidetza sustatzen dituena, eta errepublikazalea (Ps). Laugarrena, foralista faltsarioak, paktismotik sumisiora pasatu direnak (UPN). Bosgarrena, Erregea, espainiarkeriaren ikurra, ustez ongi hezia eta poliglota (gaztelania, ingelesa eta frantsesa),
(ez katalanera, ez euskara eta ez galiziera), noren errege da, bada, gizaseme hori? Seigarrena, Konstituzioa, espainiarkeriaren
soberania agintean bermatzeko tresna, jite kolonialista eta bortitza duena. Zazpigarrena, demokrazia, hitz ustela batzuen ahotan, herritarren aldarrikapen zilegiari aurre egiteko legedi autoritarioaren ezarpenarekin nahasten baitute. Zortzigarrena, Europa, demokraziaren gainetik interes ekonomiko eta geoestrategikoak
lehenesten dituen estatuen multzoa. Eta beste hainbeste izan litezke.
Hala ere, etorkizunak, helburu bateratuak lortzeko, nazionalitateen
arteko errespetua eta lankidetza izan behar ditu oinarri; ez inposaketa eta arpilaketa. Horregatik, geroa idatzi gabe egonik ere, 155. artikuluaren aplikazioaren aurrean, konfiantza dut Kataluniarengan,
eta 1-O ikusita, itxaropena dut ataka honetatik onik aterako dela. Hortaz, ongi etorri Kataluniako Errepublika!