Oso samurra izaten da hiruzpalau urteko haurrak jolasten ikustea, baina are xarmantagoa haur horiek euskaraz goxo hitz egiten entzutea. Gaur, sentsazio hori bizi izan dut hiru haurtxo hizketan lasai sumatu ditudanean: —lotan dago / —ez, ez dago lotan / —begira, pozik dago. Zomorro bat zuten esku artean, auskalo nola bukatu zuen!
‘Euskara galtzeko arriskua’ hainbestetan entzun dudanez, gaiak arduratzen nau. Betidanik, harritu nau hainbat pertsona txit gorenek euskaren etorkizunari buruz epai ezkorra egin izanak. Horietako bat Miguel Unamuno izan zen, Salamancako unibertsitateko irakasle bilbotar ospetsua. Harribitxi ederrak utzi zituen “euskararen heriotza minez eta etsipenez onartu behar da, bere bidez ezin baitira ideia abstraktuak adierazi” edo “euskaldunek hizkuntza eta ohiturak alboratu behar dituzte modernitate espainiarrean sartu ahal izateko”.
Nonbait, arrangura bizi zuen bihotzean. Izan ere, 1888. urtean Bizkaiko Foru Diputazioak euskararen katedra sortzeko deialdia eginda, hiru hautagai aurkeztu omen ziren: Sabino Arana, Resurrección María de Azkue (geroago, Euskaltzaindiko burua) eta Miguel de Unamuno. Bada, katedra Azkuek irabazi zuen. Harrez geroztik, Unamunok ez zuen euskararekiko hitz goxorik izan.
Bistan denez, Unamunok igarpen okerra egin zuen. Geroztik, 200 urte ongi pasatuak direnean, etzidamu Euskararen Eguna ospatuko dugu, eta 6tik 10era Durangoko azoka izanen da. Hortaz, heriotza epairik ez, eta eman bizia euskarari!