Dakigunez, Serra ministroak harrokeriaz ekarri du Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua, Nafarroari kudeaketa eskuduntza bahituta (nafar 155). Hala ere, Nafarroako Gobernuari azaltzean, politikari batzuek txalotu egin dute, besteek ‘bai baina’, eta azkenek txistu.
Alde daudenek abiadura lehenesten dute beste edozeren aurrean, eta ekonomia indartzeko ezinbestekoa omen. ‘Bai baina’ diotenek abiadura eta garraioa uztartuko dituztelakoan. Aurkakoek, berriz, gizartearen premiari eta ingurumenari garrantzia emanez, gaitzetsi egiten dute. Edozein kasutan, albiste garrantzitsua Sakanarentzat. Ez ona izateagatik, Sakanako lurralde osoa zeharkatzen duelako eta egundoko ondorioak izanen dituelako baizik.
Baina, zer hobekuntza izanen du Sakanak orain ez duenik? Eskasa. Egia da denok bat gatozela gaur egungo trena hobetu egin behar dela, baina ez nolanahi. Hemen, pasatu nahi da auto eskas batetik kirol Ferrari batera, eta hori ez da horrela. Nahikoa da zazpi plazako auto bat familia osoa eta zama txukun eraman ahal dituena. Hori horrela, makina bat proiektu izan daitezke merkeagoak (eraikuntzan eta mantentze kostuetan), jendearendako eta garraiorako egokiagoak, eta nekazaritzaren eta ingurumenaren ikuspegitik ez hain suntsitzaileak. Honek Sakanari txikizioa besterik ez dio ekarriko (3.300.000 m2-ko zauri luzea). Horregatik, jokoan asko dagoelako, alderdikeriak alde batera utzita, garaia da Sakanaren lurraldea zeharkatuko duen trenaren alternatiba duina taxutzeko. Gainera, garrantzitsua izanen da Sakanako udalerri guzti-guztien babesa zabala izatea, eta baita Arabako Aguraingo koadrillarena ere.