Sakanako Mendizaleak Guadalupe (Hondarribia) - Pasaian. Platerak txiki samarrak omen

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2018ko mar. 22a, 16:24

Sakanako Mendizaleen azkeneko txangoaren kronika

Sakanako Mendizaleak taldeak antolatuta, Jaizkibelgo zeharkaldia helburu, autobusa 6:30ean hasi zen jendea hartzen, eta herriz herri 47 mendizale gazte (izpirituz) batu ginen. Egun argiz, 8:30ak aldera heldu ginen Hondarribiko Guadalupeko baselizara, Jaizkibelgo erdibidean. Baselizak XVI. mendeko erroak baditu ere, egungoa XIX.ean eraiki zen. Hondarribiko setioren garaipena Guadalupeko Andre Mariari eskertzeko irailaren 8an ospatzen da Alardea.

Bi talde antolatuta, batek bide laburxeagoa omen, eta Luisek gidatuta, aldapari ekin genion. Laino eta hezetasuna, ateri eta ez oso hotz; hortaz, animoso, Jaizkibelgo bizkarra lehenengo helburua. Behin bizkarra lerrotuta, berehala begiztatu genuen lehenengo dorrea, itxuroso altxatzen dena, mendiaren bi egiak mendean hartuz. Itsaso grisaxka amaigabea iparraldera eta, Oarsoaldeko korridorea eta Pirinioak, lainotsu izan ez balitz, hegoaldera. Dorrea nahiko hondatuta. Karlistek sei dorre eraiki zituzten gailurrean zehar zelata egiteko. Bostek diraute zutik. Ikuspegi ederra! Gorago, aldapa motelduta, punturik gorenera, Alleruko gainera (547 m.). Han, beste dorre bat, San Enrike gazteluaren hondarrak (karlistek eraikia), telekomunikazio antenak eta aparkaleku eremua. Eguraldiak makurrerako itxura zuenez, hamarretakoa, 10:30ak aldera.

Hurrengo saioari, euri mehea hasia zuenez, kapak jantzita eta euritakoak hartuta ekin genion. Horrela, euri eta laino artean lasterketa baten zantzuak, eta, berehala, lanbro artetik lasterkariak, izpiritu alderraiak bailiran. Laster girotu ginen, neska-mutilei aupak eta epak ohikatuz, eta bidea harritsu, lohitsu eta irristakor zegoenez, baita lasterkariei urratsik ziurrenak non erakusten ere. Halaxe, zati luzea batera egin ondoren, haiek atzean utzita, Pasaia begi-bistan genueneko tokia. Postaleko irudia, itsas adarra eta kaia goitik ikusita, giro lainotsu sorginduan. Ordurako, ateri. Jaisteko, eskuin horman ziurtasun lokarriak dituen mendi amildua, poliki eta kontuz egin genuena.

Behin Pasai Donibanen, 13:30ak aldera, kalea jendez lepo, bermuta ordua, eta Victor Hugoren bizitokia atzean utzita, arropaz aldatu eta dotore jarrita, Juantxo jatetxean bazkaltzera. Zazpi plater: urdaiazpiko jabugoa (mm), onddo kroketak (mm), pulpotxoak (mm), entsalada nahasia, legatza (mm), karrillera oporto saltsan (mm) eta  budina edo gazta (mm). Dena bikaina! Hala ere, izan zen, aukeran, platerak txiki samarrak iruditu zitzaizkionik ere, enfin. Bazkaldu ondoren, giro ederrean, barran tragoa hartu, eta buelta. Hurrena arte!