Oparitxo bat zure lagunari, edo zeure buruari, zergatik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2018ko mai. 18a, 08:14

kolaboratzaileak

Hilabete honen amaiera arte iraunen du Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainak, irakurzaletasuna eta liburutegi publikoen erabilera sustatzeko helburuz, Topagunean elkartzen diren euskara zerbitzuek bultzatuta.

Izan ere, liburuak gauza garrantzitsua dira eta irakurtzeak aukera ematen digu ikasteko, ezagutzeko eta baita irudimenaren molde guztietako fikzioetan murgiltzeko ere. Zizeron erromatarrarentzat “libururik gabeko etxea arimarik gabeko gorputza zen”. Virginia Woolfentzat “ez dago hesirik, itxiturarik, edo giltzarraporik nire gogamenaren askatasuna ezabatzeko”. Edo, arabiar esaerak dioenez, “liburuek, bideek eta egunek ematen diote pertsonari jakituria”.

Hala ere, batzuetan irudipena izaten dut, oro har, aisiarako eta norberaren kolkorako gero eta gutxiago irakurtzen dela, eta irakurri ordez teknologiak eskaintzen dituen hainbeste aplikazio txatxutan ematen direla orduak. Horregatik, harriturik ikusi dut irakurketaren gaineko urteko memoria, non, Nafarroan, 2011tik 2017ra, % 14 igo baita irakurlegoa, hain zuzen ere, % 59,5etik % 65,1era. Estatistika ikusi izan ez banu, ez nuen pentsatuko irakurketa hain hedaturik zegoenik; hala ere, oraindik, bada % 35 deus ere irakurtzen ez duenik.

Nolanahi ere, Siadecoren azterketak erakusten duenez, euskaldunok ohitura gutxi dugu euskaraz irakurtzeko, alegia, euskaldunen bi herenek espainolez soilik irakurtzen dute. Ziurrenik, horien arrazoiak “edo aitzakiak” ezberdinak izanen dira, baina zalantzarik gabe emaitza kaxkarra da euskal kulturarentzat eta hiztun euskaldun komunitatearen sendotasun eta osasunarentzat.
Horregatik, erosokeriak eta aitzakiak alde batera utzita, engaiatu euskarazko abentura zirraragarrian bizitzeko aukera eta egiozu oparitxo bat zure lagunari, edo zeure buruari, zergatik ez?