Ekainaren 2rako manifestaldia deitu dute “Denon etorkizuna berdintasunean, hizkuntzagatik diskriminaziorik gabe” helburupean. Nafarroako Gobernua euskara sustatzeko egiten ari den politika inposaketa omen da; hala ere, euskarari ez diotela gorrotorik baiesten dute. Oraingoz, PPNk eta UPNk babesten dute. Halaber, PPNk, helburu berdinarekin, herri herriko karabana ere antolatu du. PSN ere manifestaziora joango da baina ez da antolaketan ibiliko.
Nire aldetik, erabat bat egiten dut lelo horrekin. Nola ez, bada? Izan ere, Euskararen legea onartu zenetik 30 urte pasatu badira ere, txiripa hutsa izaten da Nafarroako Gobernuaren leihatilaren batean euskarazko harrera izatea. Pentsa noraino garen euskaldunok gutxietsiak, non poztasunez hartzen baitugu “egun on” bezalako keinu bat, nahiz eta hurrengo hitzak izan ez dakiela euskara, eta hitz egiteko espainolez esateko. Espainol hiztunek, ordea, ez dute inon inolako zailtasunik. Egoera hori ulertzeko, aski da ikustea Gobernuak emandako datuak: 16.000 lanpostutatik soilik 160k dute euskarazko profila, alegia, % 1ak juxtu juxtu; Ospitale multzoan 6.142 lanposturen artean soilik 1ek.
Nik pentsatu nahi nuke antolatzaile horiek errespetatzen dutela ni euskalduna izatea, eta Gobernuak eskaintzen dituen zerbitzuetan, edo bidaiatik itzultzean Nafarroako Foru Komunitatea, ongi etorri edo horrelako zerbait sumatu edo irakurri nahi izatea. Nik onartzen dut haiek espainolez egin nahi izatea eta era masiboan euskarari uko egitea, nekez ulertzen badut ere.
Horregatik, euskaldunok aintzatetsiak izateko Gobernuak lehenengo urrats ñimiñoak egitean, halako erantzun bortitza ikustea ikaragarria iruditzen zait. Gehiengoaren aitzakiaz, mezu “sasidemokratiko” horren atzean, euskaldunokiko intolerantzia, gutxiespen eta ukazioa daude, alegia, frankista berrien supremazismoa. “Hay que eliminar toda disidencia” izan zen frankista zaharren leloa.