AHT ibilbide proiektua

Gustuko musika ez duenean, entzungor

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2018ko uzt. 27a, 08:20

kolaboratzaileak

Deusen truke Sakanan txikizioa eginen lukeen Abiadura Handiko Trenaren proiektua dela eta, Nafarroako Gobernuko Manu Ayerdi ekonomia kontseilariak orain dela gutxi arte esaten zuen proiektu horrek “ekonomiaren garapena”, “lurraldearen kohesioa” eta “ekologia” sustatzen zituela. Baina, Europako Kontuen Auzitegiak (zergapekoen defendatzaileak) esan duenean AHT proiektu horiek porrot ekonomiko itzela direla, plangintzarik gabe eraikiak eta politikoki nahiera baliatu direla; orain, Manu Ayerdik, Jaurlaritzako Tapia kontseilariaren hitzak loro gisa errepikatuz, esaten du proiektu hori “estrategikoa” dela. Nola? Estrategikoa, Europako Kontuen Auzitegiak hori esan eta gero? Zur eta lur!
Hiztegian ‘estrategikoa’ hitzaren esanahiak begiratuta, “leku, jarrera, … zerbaiten garapenerako garrantzi berezikoa”. Bada, EKA-k esan duenez, ez ekonomia, ez lurraldetasuna eta ez ekologia, ez ditu garatzen; hortaz, beste aukera, “arma bati buruz: izugarrizko txikizioa eragiteko gaitasuna, bere helburua jotzen duenean”. Arraioa! Ez nuen halakorik espero, eta ez nuke pentsatu nahi Manu Ayerdi gerra klabean ari denik Sakanaren aurka. Horregatik, Sakanarekin gertatuko litzatekeena zehazten duen hitzen bat aurkitzen saiatu naiz, eta honako hau topatu dut “ondorio atsekabea izatea”. Bai horixe! Horixe gertatuko litzaioke Sakanari proiektu horrek aurrera eginen balu, alegia, ‘tragikoa’. Horregatik, konbentziturik nago Ayerdik ez zuela ‘estrategikoa’ esan nahi, baizik eta ‘tragikoa’. Eta hori horrela ez bada, beharbada, Sakanatik begiratuta, kontseilari horren dimisioa eskatzen hasteko tenorea ere izanen da.
Beno, nolanahi ere, Guaixek bere oporraldia izateko unea aurki ailegatu den honetan, borrokak ez du etenik eta, igande honetan, bada txirrindula-martxa AHT proiektuaren aurka, Irurtzundik Altsasura. Animatu, eta, Sakanarako, Tren Soziala garapena behar duena, ez dadila AHTren tragedia bihurtu.