Eguna laburtuz doa, udazkeneko lehenengo egunotan berandu etorritako udak ez du hil nahi. Hauxe da sasoia urteko jardun berriko gutxi gorabeherako plana egiteko. Udaletik eta beste hainbat tokitatik jardun eskaintza ugari jaso ditugu; hortaz, despistaturik bazabiltza, mugi! Bete, bete zure agenda! Gero eta programatuago, eta lotuago, eta estresatuago, eta hainbat kontu gehiago, halaxeko bizitza eredua bizi baitugu. Lanetik atera, seme-alabak atondu, akademia edo tailerren batean ikasi, kiroldegian pilates edo beste jardueraren bat egin, afaldu, dena korrika, presaka, arin, eta dena amaitzean, Intermedio edo Hormiguero bezalako programa txatxuren bat ikustera. Tartean, mugikorrari edo ordenagailuari arreta egin beharra, familiakoei eta lagunei tarteak lapurtuta, eta neka-neka eginda, ohera eta biharamun goizean berriro lotu gurpilari.
Batzuetan, ematen du gauzak patxadan egiteko gaitasuna galdu egin dugula, denbora ere era konpultsiboan kontsumitu behar dugula. Neuk ere, dagoeneko agenda bete samarra dut, tarteak faltan, nahiko nituzkeen gauza guztiak egiteko. Nolanahi ere, horien artean bada bat bereziki gustura eginen dudana, zehazki, irakurketa taldean aritzearena. Bai, hilabete eta erditik, lasai eta gustura, liburu bat euskaraz irakurtzea, idazle eta kultura berriak, pertsonaia miresgarriak eta ziztrinak, abenturak eta desbenturak, egiak eta fikzioak, eta horien guztien gainean tertulia samur bat taldean, esperientziak eta hausnarketarako bide berriak trukatuz.
Horregatik, harrituta ikusten ditut gero era gutxiago irakurtzen delako estatistikak, irakurtzea baita bizitzan dudan altxorrik handienetakoa. Marketin politikoa eta masa manipulazioaren garai hauetan, kalitatezko irakurketa egiten ez duen gizartea ezjakinagoa eta erabilgarriagoa baita, zerbait galtzen ari ote gara?