Israa Al Ghomgham Saudi Arabiako aktibista feminista da. Bi urte daramatza kartzelan behin-behinekotasunean eta defentsa juridikorik gabe. Orain, Human Rights Wacht (HRW), giza eskubideen behatokiak jakinarazi duenez, urriaren 28an Israa Al Ghomghami epaiketa eginen diote eta fiskalak heriotza-zigorra eskatzen du berarentzat eta beste lau ekintzailerentzat. Zergatik? Giza-eskubideak aldarrikatzeko protestaldiak sustatzeagatik, erregimenaren aurka “abesteagatik” eta manifestaldietan parte-hartzegatik. Israa Al Ghomghamek beti bide baketsuak erabili ditu eta ez du bortizkeria salaketarik.
Bitartean, gure Estatua negozio biribilak egiten ari da Saudi Arabiarekin. Berriki jakin dugu 400 lehergailu adimentsu salduko dizkiola, baina protesten aurrean, agintari politikoen esanetan prezisio handikoak dira eta bakarrik “gaiztoak” hilko dituzte. Gaitzerdi! Baina nor dira gaiztoak? Ez al da, bada, Saudi Arabia buru belarri aritu Estatu Islamikoa edo Daesh laguntzen? Saudi Arabiak “ez-legezko” bonbardaketa sistematikoak egiten ditu Yemenen Estatu Batuen laguntzarekin, izugarrizko sarraskiak eginez, baita herritar zibilen aurka ere. Noski, agintariek zuritu dute haien erabakia, bonbak saldu ezean, sei mila lanpostu galtzeko arriskua. Negozio ingurumaria horretan, Espainiak Saudi Arabiari makineria eta armak saltzen dizkio nagusiki, eta petrolioa erosi. Halaxe egina omen du Juan Carlos errege emerituak bi mila milioiko dirutza, handik erositako kupela bakoitzagatik euro bat edo bi kobratuz.
Bai, zikina da politika, baina zikinago bihurtzen da gerra-armak Estatuaren negozio terrorista bihurtzen direnean. Izan ere, badakigu zenbat lanpostu dauden arriskuan industria hiltzailearen lantegian, baina ez dakigu zenbat gorputz xehatuko dituzten lehergailu horiek, “gaiztoak” eta errugabeak. Edo, Israa Al Ghomgham heriotza-zigorrera eramanen duen Estatuaren konplizea denean. Horixe da gure politikari eta agintari askoren moralaren eta etikaren neurria.