Pikutara!

kolaboratzaileak

Albert Riveraren España Ciudadana plataformak igandean, azaroaren 4an, ekitaldi bat eginen du Altsasun, eta Abascal Vox-eko presidentea eta Savater filosofoa ere gehitu dira. Altsasu sinbolo bihurtu omen da, eta badatoz hainbat aldarrikapen egitera, haien hitzetan Guardia Zibilari babesa ematera, IV. xedapen iragankorra kentzera, eta Altsasuren espainiartasuna aldarrikatzera.

Bai. Altsasu herriaren izenak indarra hartu du, Estatuan eta mundu zabalean, hain zuzen ere, Estatuaren gehiegikeriaren aurrean, herri osoa bateratuta, herriko seme-alaben defentsan egindako garrasi ozenagatik; izan ere, bi urte baino gehiago kartzelan daramatzate zortzi gaztek taberna-liskar bat izateagatik.

Baina, hauteskunde sasoia zabalduta dagoenean, Altsasura datoz politikari-filosofo su-eragileak, ez Altsasun legokeen aferarik konpontzera, baizik eta justizia ezaren aurrean altxatu den Altsasu umiliatuz, “euskal gatazka” xaxatzera, Domuit Vascones (Euskaldunak garaituta) aldarrikatzera. Sarraskijaleen antzera, gatazkaren hondarkietatik azken muinak hurrupatzera. Horrela, Altsasu “errebeldean” espainiartasunaren pika sinbolikoa ezarriz, Estatuko beste lurraldeetan botoak irabaziko dituztelako ustea elikatzera.

Aurretik ere, Canovas del Castillok, espainiar politikari ahaltsuak eta Foruen abolizionistak berak, esana zuen “euskaldunen libertateak gozatzen dituztenen onerako dira eta ez diote inori kalterik egiten; eragiten duten inbidia handia ez baldin bada kalte bezala hartzen”. Lehenxeago, esanak zituen Victor Hugo frantziar politikari eta idazle handiak “euskaldunak ez dira ez frantsesak eta ez espainiarrak; espainiarrek Foruak kendu nahi dizkiete inbidiagatik, baina Foru horiek haien lurralde guztietara hedatuz gero, ez lukete jakinen zer egin haiekin”.

Rivera, Abascal, Savater… ez datoz elkarrizketan eta demokrazian sakontzera, baizik eta hedabideetarako titularrak sortzera, Altsasuko saminaren kontura. Horregatik, probokazioan erori gabe, pikutara!