Eguraldi politikoaren tenporak

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2018ko abe. 14a, 08:15

kolaboratzaileak

Laster sartuko gara neguan eta, oro har, giro petralak lagundurik biziko ditugu Eguberriak. Azken egun hauetan ekaitz gogorrek astindu gaituzte iparraldetik. Milaka Jaka Horidun atera dira errepideak moztera, eta ederki astindu dute Frantziako lurraldetasun osoa. Suteak ere Paris aldean, eta ez gutxi. Izan ere, batera jo omen dute ezkerreko eta eskuineko haizeek. Denboraleak luze joko duela dirudi metatutako indarrak ez baitira gutxi. Hor elkartu dira hainbat eskakizun, eta Macronek ez die oraindik egoki erantzun. Lehenengoa, etxegaberik ez. Bigarrena, zerga progresiboagoak, gehiago irabazten dutenak estutuz. Hirugarrena, gutxieneko soldata mila hirurehun eurokoa. Laugarrena, komertzio txikia laguntzea herrietan eta hiriguneetan. Bosgarrena, handiek asko ordain dezatela (Mc Donalds, Google, Amazon, Carrefour…) eta txikiek gutxi (autonomoak, pymeak…). Hamahirugarrena, enpresen deslokalizazioak debekatzea, bertako industria eta lanpostuak zainduz. Eta horrela berrogeita bi eskakizun.
Hegoaldetik ere, hego-haizeak bazterrak nahasi ditu, Andaluziako paisaia erabat aldatuta, eta Vox alderdia indartuta. Ustez, sozialisten aro luze usteletik aterako dituen argitasun berria nagusitu omen da, neguaren atarian udaberriaren sarrera bailitzan. Tarte bat itxaron beharko da, ikusteko, zirimola horren ondorioak onurarik ala kalterik ekarriko duen.
Ekialdetik Kataluniako Tramontanak gogor, Torra presidentearen presioak bereak, eta Madrileko haize demokraziagabeak ez du barerik. Gaiztotzen ari da giroa eta bortizkeriaren ekaitza areagotzeko arriskua ez da txikia. Herriaren demokraziak eta estatuaren indarkeriak talka eginez, eta eragindako tximistak eta ortotsak ikusten dira beldurrez.
Gurean, berriz, giro apalagoa, baina lainoek altxatu gabe irauten dute, presoen senideen eta indarkeria matxistaren aurkakoen aldarrikapenek bezalaxe. Egoera horretan, hauteskunde ufadaren indarra ari da nagusitzen poliki-poliki. Gauzak horrela, eta Eguberrietan ere, Euskaraldiari eutsi!