Aurreko egunean El Pais egunkarian irakurtzen nuen Ilargian baratza egiteko proiektua aurrera daramala Txinak eta lehenengo landareak sorrarazi dituztela, negutegi ontzi batean kotoi haziak baliatuta. Baina, ikusten denez, hango baldintzak ez dira egokienak eta egun gutxitan hondatu dira. izan ere, beste baldintza eskasen artean, gure zazpi egun irauten duen gau ilargitarrean -122º C-ra jaisten omen da tenperatura. Proiektu horren atzean Ilargia jendez kolonizatzea dago. Aurretik ere, leku berriak esploratzeko grina hor egon da. Halaxe eginen zuten euskal balea-arrantzaleek eta Elcano getariarra bezalako makina bat jende eremu arrotzak arakatzera joan zenean. Ezberdintasun batekin, haiek ez bezala, gaurko teknologiaren bidez, informazio nahikoa dugu eremu arrotz horien gainean.
Zientzia eta Teknologia bikotea Jainko berri liluragarriak bihurtu zaizkigu. Horren izenean datorren guztia jendeak edo gizarteak “ontzat” ematen du kritika txikienik gabe, asmakizun horiek ongizatea bilatzen dutelakoan (gehienetan, kontsumismo gaixobera). Baina, inolaz ere, ez da baloratzen proiektu horien garapenak lurrarekiko eta ekologiarekiko duen inpaktua eta kostua, alegia, teknologia toxiko horrek dakarren kalte larria (lurra pestizidez zikintzea, aire kutsadura, itsasoak plastikoz betetzea, klima aldaketa, espazioko zaborra…). Halako moduz buru-garbiketa egin digute, non Ama Lurra hondatzea eta txikitzea naturaltzat ematen dugun; aberats handien eta estatu boteretsuen inteligentzia militarra ahalbidetzen duten politikarien aberastasun pilaketa eta botere gosearen ondorioa dela ohartu gabe. Izan ere, gaur egun aski ezagutza zientifikoa dago garapena lurraren eta pertsona guztien ongizatea zainduz gauzatzeko.
Egun hauetan, Sakanako herrietan inauteri giroan murgildurik, paleolitikotik datorkigun erritoei jarraikiz, lurra astinduko dugu makilez eta kriskitinen eta joareen hotsez bizitzaren aro berri baten hasierari deia egiteko, lurra baita bizitzaren sortzaile. Hala ere, baita Sakanan ere, mahai gainean dugu Zientzia eta Teknologiaren izenean datorkigun proiektu suntsitzaile bat, Estatuaren ezarpenez eta elite ekonomikoen eta politikoen gezur borobilez apainduta, Abiadura Handiko Trena, hain zuzen ere. Noiz plantoa?