Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitu ditu Emakumeak*, bollerak eta transak, hau da, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak. Helburuen ardatzak Pentsionistak, Ikasleak, Zaintza, Enplegua eta Kontsumoa dira; era berean, Heteropatriarkatu kapitalistari, planto! eta Bizitzak erdigunean aldarri nagusiak. Egunean zehar hainbat jarduera eginen dituzte, hitzaldiak, hamaiketakoak, bazkariak eta beste makina bat.
Alabaina, gonbidatu zuzenak izan gabe, gizonek ere egiten ahal dute ekarpena hainbat eginkizun beren gain hartuz, hala nola seme-alaben eta zaintzen ardura, lantokietako gutxieneko zerbitzuak, merkatuan ez kontsumitu, eta baita mobilizazioetan ere parte hartu, betiere atzeko aldean eta isilik, emakumeak baitira protagonista.
Egoera berria gizarteratzen ari da azken urteotan, zehazki, emakumeek eta soilik emakumeentzat deialdiak egitea feminismoaren aldarrikapenak gizarteratzeko. Hala ere, emakume asko dira aldarrikapen feministen aurkako jarrera azaltzen dutenak, eta ez gizon gutxi aldekoa dutenak. Bestalde, zapalkuntza, goitik beherakoa –sozioekonomia– eta zeharkakoa –generoa, kulturala...– izaten ahal da. Horrela, bitxia gertatzen da heteropatriarkatuarekiko jarrerak aintzat hartu gabe, mobilizaziora deitutakoa emakumea* izatea. Emakume*-bollera-trans versus gizona. Horretan datza berrikuntza, hau da, emakumeek beren gain hartu dute aldarrikapen feminista kudeatzeko lidergoa, gizonen sudur-sartzerik gabe, eta ikusgarria da nola maila sozial eta arlo guztietako emakumeek batzeko aldarria egiten duten. Bitartean, gizona, off. Ez da buruketa erraza; izan ere, zapalduak edo bortxatuak ama eta aita ditu, eta zapaltzaileak edo bortxatzaileak, berdin.
Nolanahi ere, errealitatea duguna da eta, estatistikek argi asko azaltzen dutenez, emakumeak dira eredu sozioekonomiko liberal-klasista honetan egoera zailenak eta okerrenak jasaten dituztenak. Horrela bada, izan dadila 2019. urteko m8 hau urrats handi bat berdintasunaren bidean, eta sistema heteropatriarkatu kapitalistari, Planto!!!