Aurreko batean lagun batek esaten zidan Gobernuko bulego batetik administrazioko langileei zirkular bat ele bitan bidali orduko erantzun bat jaso zutela. Horretan, laburki bezain zorrotz, erantzunak adierazten omen zuen hari ez bidaltzeko euskarazko idazkirik bere baimenik gabe, “pistolarien” alderdikoa zela eta “vivaspaña” batez bukatzen zuen erantzuna. Geroxeago, pixka bat arakatuta, jakin omen zuten ospitale multzoko larrialdietako mediku bat zela.
Zer pentsatua ere ematen du halako erantzun ergel baina muturreko horrek, batez ere, Gobernuko mediku funtzionario batengandik etorrita. Pentsatzekoa harekin tokatuz gero, balizko laguntzailearekin euskaraz mintzatzen entzunda, astazakil hori (gizonezkoa zen) ondeste-haztapen (tacto rectal) baten aitzakiaz mingaina erauzteko ere ez ote den gai izanen, euskara ez aditzeagatik. Ikaragarria nafar guztiak artatu behar gaituen mediku batek euskara egunerokotasunean darabilgunoi halako gorrotoa azaltzea. Ikaragarria funtzio publikoan ari diren profesional askorengandik halako jarrerak sumatzea. Horrela, amaitzear dagoen legealdi honetan, batzuen aldetik temati entzun den hitz nagusietakoa izan da “inposizioa”. Kuriosoa, askotan, baita jatorriz nafar ez direnen ahotan ere. Orain, hauteskundeen atarian, biderkatuko dira ukazioan eta euskarafobian bizi direnen mezuak. Zorionez, haien arrazoibide eskasak gero eta ahulagoak dira.
Horregatik, Euskal Herria zeharkatzen ari den 21. Korrika haize freskagarria da, alaitasuna, ametsa, bakoitzaren nortasuna errespetatzea, eguneroko jardunerako eta borrokarako indar berritzailea, bateratzailea, beharrezkoa. Orain, gaur eta hemen dena da POSIBLE. KLIKA KORRIKA KLIKA.