Duela gutxi, urtetan ikusi gabeko lagun batekin egoteko aukera izan nuen. Izan ere, hogeita hamar bat urte eman ditu Ameriketan eta, orain, hona itzuliko ote den dabil. Bada, gauza kuriosoa egiten zitzaion garai bateko lagunak edo ezagunak ikustean oso aldatuta aurkitzea; batez ere, zahartuta ikusi omen ditu: burusoil, lodituta, ileurdinak...(ene! tartean egonen naiz ni ere). Bera han egon den bitartean, ez omen du erreferentziarako pertsona askorik eduki, beti jende berriaren edo arrotzen artean ibili omen da. Horrela, han ez bezala, hona etortzean, bat-batean, aurretik zuen irudiarekiko hogeita hamar urte zaharrago ikustean jendea, ispilu batean bezala, horrela ikusi omen du bere burua ere, hogeita hamar urte zaharrago. Han egon den bitartean, bere egunerokotasunean murgildurik ez omen du izan urteak horrela pasatu direneko kontzientziarik.
Bai, kontu bitxia da betiko gaztetasunaren mitoa, “Dorian Grayren erretratua” eleberrian gaztetasunaren truke arima infernukoari saldutako istorioan hain eder landua. Gainera, azken urteotako irudiaren marketina tarteko, betigazte iraun beharraren estetikaren menpe, gero eta gehiago ahalegintzen omen gara urteak pasatzearen arrastoa atzeratzen. Urtetan aurrera egin arren, nerabe edo gazteen janzkerak, hitz egiteko moduak eta ohiturak hartuz, edo, are, baita kirofanotik pasatuz ere. Batzuen ustez, 60. hamarkadan subertsiboa izaten ahal zena “gorputzak aski esan arte” bizinahiari lotuta, gaur egun patetikoa izan omen daiteke, kosmetika eta itxurakeriaren morrontzan.
Nolanahi ere, norberaren jarrera garrantzitsua omen da. Batzuk, betizahar, besteak, betigazte. Azken hauek, kuriositatea, gauza berriekiko interesa, umorea eta irriñoa eragiteko gaitasunari eutsi egiten omen diote. Hala, psikologoek eta adituek diotenez, hamar edo hamabost urte gazteago sentitzea gauza nahiko arrunta omen da. En fin, niri ere, orain dela gutxi esan zidan gaztetxo batek billabesan, lehenengo aldiz, “¿quiere sentarse, señor?”