Ixilik joan da. Agur.

Ez zuen inork espero. Hain ustekabekoa izan da, hain bat-batekoa. Une batean edozein familiakide edo lagunekin patxada ederrean zegoena, handik minutu gutxira, inori agurrik esan gabe, joan egiten da. Betiko. Isilik. Baina, itxuraz, egoera "normala" bizi zuen, jendartearen gorabeherek uzten duten neurrian.

Batzuetan, horrelakoetan, ulertu nahian, arrazoiren bat bilatzen da: porrot ekonomiko bat, hurbileko baten galera bortitza, gaixotasun larri atzeraezina, edo besteren bat. Hala ere, beti harritzen du gertaera horren izate anker eta hotzak, edo zubi batetik amilduta, edo autoko eskapeaz pozoinduta, edo pilulen gaindosia hartuta, edo beste edozein; betiere, den-denak dramaren tragediarik gorenak. Ez dirudi horrelako erabaki bat hartzea bat-bateko gauza denik. Ziurrenik, bere sentiberatasunean, makina bat zorigaitz eta atsekabe bizi izan ditu eta, haiek gainditu ezinik, buelta franko eman dizkio bere biziari amaiera emateko aukerari. Baita azken ekintza hori nola burutzeari ere, bakardadean, di-da. Eta, betiko agur.

Buru-gaixotasuneko profesionalek egindako ikerketen arabera, buruaz beste egiten duenaren profila 52 urteko gizonezkoa da. Nafarroan, urtean, 50-60 pertsona inguru. Hiru gizonezko andrezko bakoitzeko, eta udan nagusiki. Eragile anitzen emaitza omen da. Profesional horien aholkurik behinena, zera da, oinaze atsekabea edo hutsunea iragankorra dela, ez dela betirako izaten. Alegia, badela egoera horiek gainditzerik, eta, batez ere, hitz egitea dela prebentziorako ekintzarik onena.


Hain naturala eta erraza izan beharko luke haizea arnastea eta besarkatzea, itsasoan murgiltzea eta hegan egitea, gau gozoaren ondorengo eguzki epela larruan nabaritzea, euriaren ondorengo basoko lurrin hezea usaintzea, goizargiko txori koloretsuen txorrotxio jostagarria entzutea, eta inguruko senide eta lagunen maitasun samurra sumatzea. Baina, ez. Batzuetan gauzak ez dira diruditen bezain sinpleak. Eta hemen gelditzen direnek sentitzen duten hutsune mingarriari galdetzen diote: Zergatik?