Aurreko astean Klima Aldaketaren aurkako greba deialdia egina zen mundu guztian, batez ere, ikasle mugimenduak sustatua. Albisteetan garrantzizko berria izan zen grebaldietan eta manifestazioetan izandako parte-hartzea, Parisen, New Yorken, baita Iruñean ere. Horietan guztietan sona handiena Greta Thumberg ekintzaile gazteak Nazio Batuen Erakundean esandakoak izan zuen "Ametsak eta itxaropenak lapurtu dizkiguzue" aurpegiratu baitzien haserrekor mundu guztiko agintariei.
Izan ere, etorkizun txiroa aurreikusi daiteke lurraren gehiegizko ustiatzeagatik. Dagoeneko, gobernuak planak egiten hasiak dira eta zehaztuta dituzte isurketak murrizteko eta beroketari eusteko lan lerroak; hala ere, inon ere ez da aipatzen ekoizpen eta kontsumo gehiegikeriaren sistema honen aldaketarik. Alegia, ekonomiaren garapena oztopatuko ez luketen neurriak dira horiek denak, hau da, segitu kontsumitzen; hori bai, izan dadila era ekologikoagoan.
Horrela, ulergaitzak egiten zaizkit hainbat neurri, esaterako, auto elektrikoak erosteko dirulaguntzak ematearena. Egokia al da 45.000 euroko balioa duen auto bat erosteko dirulaguntzak ematea? Bitartean, mila euro eskas balio duen diesel auto zahar baten jabea ezinean dabilenean oinarrizko auto bat eskuratzeko. Aspaldi ohartu nintzen klima aldaketaren arazoari aurre egiten hasiko zitzaiola oligarkiaren agintariek tartean negozioa ikusten zutenean, baina… burgesiaren neurrira ote?
Nolanahi ere, batzuei "etorkizuna" lapurtu diete, baina munduan asko dira dagoeneko "oraina" ere lapurtua dietenak, eta gure agintariek horientzat auto elektrikorik ez, horiei hesi elektrikoak jartzen dizkiete mugetan guri enbarazurik ez egiteko. Gainera, haien lurraldeetan nozitzen ari da gehien Klima Aldaketa.