Tristura eta itxaropena Kataluniatik azken bolada honetan etorritako albisteak entzutean eta ikustean. Tristura, beste behin ere, Estatuaren logika autoritarioa nagusitu delako. Itxaropena, jende tsunamia kalera atera delako justiziaren desjustizia salatzera.
Hala ere, batez ere Estatuko hedabideek ehunka milaka gizon-emakumeren askatasunerako gogoa eta erabakimena azaldu ordez, gerra kronika bailitzan, Bartzelonako barrikadetatik bertatik eskaini dituzte irudiak eta balorazioak. Reality show-a. Indarkeria eta txikizioa. Horrela, estali nahi izan dute ehunka milakakoen tsunamiaren egintza, ale gutxi batzuek egindako amorru protestekin identifikatuz. Gainera, ale gutxi horiek eragindako kalteei prezioa ere jarri diete.
Dena dela, jakina da “Indarkeria” mota askotakoa izaten ahal dela, hots, kriminala, fisikoa, psikologikoa, menperatzailea, bidezko defentsa, estatuarena, eta abar. Bestalde, Galtung-en hirukian erakusten denez, indarkeriaren esparru horretan bi eremu dira bereizgarriak: bata, agerikoa edo zuzena, izebergaren punta bezalakoa; eta bestea, ezkutukoa edo estrukturala, izebergaren ur azpikoa bezalakoa. Hori horrela, diskurtso burges eta espainolista nagusituta, indarkeria mota batez soilik hitz egiten da. Alabaina, indarkeria da langileak langabeziara edo txiroak izatera kondenatzea. Edo, frankismoaren oinordeko konstituzio batez kataluniarren eta euskaldunen naziotasun eskubidea zapaltzea. Edo, buruzagi politikoei hamarnaka urtetako kartzela zigorrak jartzea. Edo, Altsasuko gazteei zigor bidegabea jartzea. Edo mozal legea nolanahi ezartzea.
Estatuak, Estatu arrazoiak tarteko, indarkeriaren monopolioa du. Politikariak, harroputz eta handiuste azaltzen dira, eta, epaileak, borrero. Trufa egiten dute ehun milaka pertsona Katalunian edo hamar milaka Altsasun indarkeria hori salatzera kalera ateratzen direnean. Ez dago zuzenbidezko estaturik legezko arautegia eta justizia bera ere autoritarismoaren eta desjustiziaren indarkerian oinarritzen badira. Norbaitek baloratzerik izanen du Estatuaren indarkeria horren prezioa?