Hitzetarik haratago

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2019ko aza. 29a, 08:16

Gure iraganeko historiaren zertzelada bat gogora ekarriko dut, gutxi ezagutzen dena. Al Andalusko omeiarren garaiko "Muqtabis" kronikan jasotzen denez, 859. urtean Hasting eta Björn gudalburuen aginduetara bikingoak Iruñera ailegatuta (edo Arga ibaitik, edo Mundakatik sartuta), suntsitu eta kiskali egin zuten, euskaldun asko akabatuz. Orduko Errege Gartzia Enekoitz preso hartu zuten, eta urrezko 70.000 txanpon ordaindu behar izan zituen libre gelditzeko. Garai hartan, bikingoek hainbat erasoaldi egin zituzten Europako kostalde guztietan, beldurraren eta izuaren izakiak bailiran, modu basatian hiritarrak akabatuz eta arpilaketa eginez. Horrela gelditu dira guztion iruditerian kasko adardunez apaindutako ile horiak.


Denboran jauzia eginez, berriki, Danimarkako hiriburu Kopenhagen egun batzuk pasatzeko aukera izan dut eta, jakina, ez ditut daniarrak halako kasko adardunez jantzita harrapatu. Baina, bai ohartu naiz lurralde hezea eta iluna dela. Bestalde, pertsona bezala, fisikoki, handiak eta zurbilak, eta, nortasunez, iruditu zait izakera hotzekoak eta gogorrak direla. Horrexegatik, deigarria egin zait munduko herrialdeetako jenderik zoriontsuen bezala azaltzen direla. Hori horrela izateko, jakin dut gizarte kohesionatua dutela. Hezkuntza sistema publiko indartsua dute eta goi-ikasketak burutzeko ikasleek “soldata” jasotzen dute. Osasun arlo sendoa dute. Enpresa indartsuetan aritzen dira, soldata onak irabazita. Ez dute ia langabeziarik. Familia kontuetan, haurrak hazteko erraztasun, malgutasun eta laguntza handia dute. Ingurumenaren eta gizartearen iraunkortasun kontzeptuak sendo lantzen dituzte. Politikariengan sinesten dute, iruzur eta ustelkeriarik ez baitago. Eta, horrela, makina bat kontu gehiago.


Gurera etorrita, Nafarroan eta Estatuan gobernu "aurrerakoiak" eratu nahi dituztela-eta, fikziozko teoria politikoak alde batera utzita, badira eredu errealak gauzak egoki egiteko eta helburu argiak lortzeko. Izan ere, gauzak modu batera edo bestera egin, aldea dago!!!