20. hamarkada berrian sarturik garelakoan, zer berri ekarriko ote digu? Atzera begiratuz gero, ez dira batere makalak bizpahiru hamarkadatan izan ditugun aldaketak. Hainbeste, non batzuetan zaila egiten baita imajinatzea ere nolakoa zen aurreko bizimodua. Horietako batzuk gogora ekarrita, hor daude merkatuen globalizazioa eta merkataritza gune handiak, pezetaren ordez euroa, madeintxinako produktuak, etorkinak geroago migranteak, enpresen deslokalizazioak, mileuristak eta langile prekarioak, autobideak eta pantanoak, teknologiaren jauzia eta kontsumismo ergelaren sukarra. Horrela, denbora gutxian, alde batetik, kontsumismorako aukerak eta Interneten, GPSren eta mugikorraren garapenak supermoderno eta aurreratuak izatearen ustea ematen digute, baina, bestetik, ikusten ari gara gure planeta lurra erabat kutsatuta eta sarraskitua dugula eta klimaren aldaketa egitate gordina dela. Hain zuzen ere, Nafarroako aztarna ekologikoaren indizearen arabera, kontsumitzen duguna orekatzeko Nafarroak duenaren halako 1,62 lur azalera beharko genuke.
Beste aldetik, gizarte arloari dagokionez, ETAren desegitea ikusi dugu, euskarak pauso sendoak eman ditu, feminismoaren borrokak olatu handia hartu du, eta Nafarroan eta baita Estatuan ere, gobernu “aurrerakoiak” izanen ditugu, nahiz eta muturreko eskuindarren mehatxua ere indartsu sortu den.
Hamarkada berrirako, “adituek” datorrenaren zertzeladak aurreratu dituzte. Esate baterako, osasun arloan, kontsultak bideokonferentziaz egiterik izanen omen da. Feminismoak gogor borrokatuko du pornografiaren eta prostituzioaren arloko industria kriminala. Nazionalpopulismoak gaindituta, Europak erabaki sendoak hartuko omen ditu klimaren, migranteen eta beste hainbat konturen gainean. Teknologiari dagokionez, adimen artifiziala izugarri garatuta, pertsonen zerbitzurako makina adimentsuak sortuko omen dira. Eta horrela beste hainbat.
Hori entzunda, dagoeneko imajinatzen hasia naiz gatazka gainditutako Euskal Herria, Nafarroa burujabe eta berdea, eta krimen matxistarik gabeko gizartea. Hala ere, zaila egiten zait elektronika eta adimen teknologiaren aurrerapenen abiadurara moldatzea, hau da, ez dakit txakurra paseatzera aterako duen errobot androidea asmatuko duten, ala txakurra ordezkatuko duen txakurdroidea paseatzera atera beharko dugun.