Egoera asko, atsekabeak izan arren, normalizaturik bizi ditugu. Horietako bat trafiko arau hausteengatik jasotzen ditugun zenbait isun izaten dira. Jakina, batzuk ongi merezitakoak, baina beste batzuk “atrako” hutsak izaten dira. Askotan, polizia autoritario batek gidaria gaizkile gixajo bat bailitzan tratatuta, edo bestela, gidariak harrapatzeko estrategikoki kokatutako erradar anonimoen bidez, hainbat euroko sastakada emanez. Horrela, eguneko edo astebeteko soldata lapurtzen dute arau hauste arin batengatik.
Gauzak beste modu batera izaten ahal direla azaltzeko, kontatuko dut Kalifornian familiakoei bisita egitean gertatutakoa. Bada, astelehen goizeko 8:15 aldera, Sacramento aldeko etxebakarren auzo lasai batean gidatzen nindoala, bat-batean, eskualdeko polizia-motorraren argi urdina pizturik atzealdean. Ederki hasi dugu astea, alajaina! Bazterrera lekututa, dokumentazioa lehenengo, eta gero ohartarazpena; alegia, eskola eremu batean azkarregi nindoala, 25 milia orduko abiadura gaindituz. Nik, trafiko gutxi zebilela eta abiadura lasaian nindoala; hala ere, banekien abiadura hura aise gaindituko nuela. Orduan, poliziak esan zidan gidariak hezitzeko plan bat indarrean zutela, eta isuna jarri ordez, hitzordu bat eman zidan udaletxean trafikoko arauei buruz izanen den bi orduko formazio saio batean parte hartzeko. Hori bai, argitu zidan formazio saiora azaltzen ez banintzen isunaren prozedura martxan hasiko zela. Beno, niretzat hori entzutea aringarria izan zen, eta, nabarmendu behar dut poliziaren jarrera denbora guztian errespetuzkoa izan zela. Sinpatikoa eta guzti iruditu zitzaidan!
Orain, Nafarroako Gobernuak trafikoaren gaineko eskumena hartu behar omen duela eta, atseginez hartuko nuke horrelako ideiaren bat abian jartzea. Alegia, arau hauste arin batengatik, armak eskuetan egindako atrako baten ordez, auto gidariak hezitzeko programak martxan jartzea, eta foruzainak herritarren zerbitzura dauden agente hurbil eta ongi heziak izatea.