Kaliforniatik barna. Aniztasunaren eta kontrasteen herrialdea. Eremu zabal mugagabeak eguzki dirzdiratsuaz urreztatuak. Belardi, barazki eta fruitu alorren landa amaigabeak. Goi teknologiaren eta ekonomia indartsuaren estatua. Nonahi euskaldunen arrastoa, Sutter, Woodland, Vacaville, Los Banos, Fresno, Bakersfield, Paso Robles, eta molde horretako izenak dituzten hirietan, anglosaxoi eta mexikar izendapenak txandakatuta. Jatorrizkoak, hirugarren belaunaldikoak, hirurogeitik gorakoak ia denak, azken hamarkadetan euskaldun gutxi kitzikatu baitu Ameriketako aberastasunak. Hortaz, garai batean etorritakoak, lana gogotik eginda, ekimenez, bizitzan aurrera ateratzen jakin izan duten gizon-emakumeak. Artzaintzan eta neskametzan, lehenengo; baratze zaintzan, hotel-jatetxe jabe eta baita abeltzaintzan eta nekazaritzan ere, ondoren. Azken hauek, milaka akreetako (lau mila metro karratu pasatxo) lur-jabe. Horrela, erro sendo eta sakonak eginak dituzte euskalduneak. Hiri handitsuenetan bada euskal jatetxerik eta kultur elkarterik; baita kultur ekimen ugari ere. Noiz arte iraunen duten? ezin jakin, erreleborik ez baitago, eta, zoritxarrez, haien seme-alabek euskal atxikimena galduxea dute.
Bestalde, geografia fisikoan bezalaxe, humanoan ere bada nahiko kontraste. Izan ere, munduko ekonomia indartsuenetakoa izanda ere, bada nonahi miseria. Analisia egile adituek diotenez, klase ertaina desagertuta, alde batetik, goi teknologiari lotutako aberaskumeen klasea, eta, bestetik, langile txiro eta etxegabeak nagusitu dira. Horrela, paisaiaren irudia bihurtu dira, edo goi teknologietako kargudun bat kafea hartzen Starbuck baten atarian ondoan etxegabe bat lurrean botata duela, edo autoez eta karabanez osatutako bizigune txiroak, edo nonahi, noragabean azaltzen diren etxegabeak. Hemen, nagusitu diren baloreen irudia, alegia, arrakasta ala porrota. Goi teknologietako eliteen nartzisismoak eta zuhurtziagabetasunak ez du mugarik, eta zerbitzu publikoak desagerrtarazita, errukitasunezko laguntzak banatzen dituzte egoera behartsuenean daudenentzat. Horrela, XIX. mendean ere ez zegoen txirotasuna hedaturik dago Apple, Microsoft eta Facebook bezalakoen lurralde aberats honetan. Giza duintasuna krisian dago.