Oskia hogeita hiru urteko neskatila da. Duela lau urte Bilbora joan zen ikastera, ez ikasle ona zelako, zer edo zer ikasi “behar” zelako, baizik. Azkenean, Marketing graduan izena ematea erabaki zuen. Alaia eta bizi-pozez betea, ilusioz joan zen bizi berria hastera. Bilbo, handia eta euritsua, askatasun pertsonala emanen zion hiria. Bazekien, parrandarako aukera ugari eta leku askotako jendea. Ikasketak motelago, bigarren urtea errepikatuta. Mutil-lagunarekin bizitzen jarrita, fakturak gurasoen kontura. Gaupasak eta alkohola. Eztabaida filosofikoak eta berrikuntzarako eta aldaketarako grina. Txokolatea, farlopa eta speeda. Kontsumo konpultsiboa, musika burrunbatsua, dantza frenetikoa eta mugarik gabeko gauak. Horrela, ostiral bateko goizeko 7:00etan gurasoek jaso zuten telefono deia. Oskia, Bilboko Gurutzetako ospitalean zegoen, koma induzituan, alkohola eta anfetaminen gaindosi baten ondorioz. Onik atera zen eta, lau eguneko ospitaleratzearen ondoren, psikiatrarengana joanda, hark egin zuen diagnostikoa. Depresioa eta antsietate-nahasmendua. Tristura eta jarduerak egiteko gogorik eza. Pertsonalitatea gutxiesteko sentimendua eta bere buruaz beste egiteko pentsamenduak. Datorren astean adikzioa gainditzeko errehabilitazio zentro batera joanen da jokabidearen terapia kognitiboa egitera. Familia-terapia ere egin beharko omen dute. Amak negar egiten du logelan; aitak egongelan, isilean.
Drogaren kontsumoak “onarpen” sozial zabala duen honetan, Oskiak ez du batere hautu egokirik egin. Birusa hiltzailearen garai honetan, hainbat youtuber ergelek oihartzuna eta arrakasta lortzearren proposatzen duten Coronavirus Challenge ekintzaren parekoa izan da berea. Alegia, komuna publikoetako kaka-zuloak mingainez garbitzea bezain inteligentea.
(Istorio hau, berriki hurbiletik bizi izan dudan kasu baten fikzioa da. Aurretik tankera bereko asko ditut ezagunak. Zoritxarrez, arruntegia da.)