Bakardadean erlaxaturik, egunkari digitaletan arakatuz, koronabirusaren gaineko albisteei begiratu bat ematen. Hondoko musika jarrita, Anariren Zure Aurrekari Penalak diskoa ari da jotzen. Barne-barneraino sartzen den ahots grabe, sendo eta urratua, doinu erritmodunean "bizi zaituen animalia izu hori zeru gorri baten pean mundua gurutzatzen / azazkalak, ilea eta beldurrak baino hazten ez zaizkizuna…"
Berria egunkarian leitzen dut Jaurlaritzak mugatu eginen duela lehen fasea eta ez duela utziko udalerri batetik bestera joaten, ezta hainbat jarduera burutzea ere. Alajaina! Horientzat ere berdin Bilbo ala Egino. Nafarroan ez da halakorik izanen, gaitz erdi! Beste egunkari batean, "Gobernuak 1.015 euro arte emanen dizkie hilean bizitzeko gutxieneko diru-sarrera bermatzeko milioi bat familia ahulenei". Anariren ahots gozoak "animalia horrek bere bizkarrean idatzita daramatza / laztanez eta harramazkaz itzalen izenak: gizon eta emakumeenak, leku eta egunenak…".
Nolanahi ere, hedabide guztietan nabarmena da estatuko agintarien arteko liskar politikoa. "Komunitate autonomoetako presidenteen iraultza ‘irizpiderik’ gabeko deseskaladagatik", Madrileko Gobernuaren gidaritza autoritarioa eta zentralizazioa salatuz. Informazioa ematean, gardentasun falta handia da, aurpegirik eta izenik gabeko adituen taldearen izenean. Anariren ahots grabeak "denak ederrez eta minez / izen horiek denek osatzen duten zerrenda / zuk kaltetuen zerrenda, zuk eta zeu ere, / behin geuk eraikitako ametsen eraiste neurtuak...".
Iparraldeko eta anglo-saxoiar herrialdeetan hiritarrak oso aintzat hartuta, hiritarren nahitako engaiamendua lortu dute; Estatuan, ordea, ordena publikoaren salbuespen egoera bihurtu dute, hiritarrengan etsipena eta zigorraren beldurra hedatuz. Bi eredu. Hala ere, udaberriko kimuak ernatzen hasiak diren bezala, hainbat eguneroko errutina berreskuratzen hasiak gara. Itxaropena da behar izanen duguna. Anariren ahots urratuak "desertzio, desertuak, larrialdietako deiek denak banan-banan zure aurrekari penalak: / zeru gorriak, oreinak eta orfidalak gehiegi luzatzen diren salbuespen egoeretarako emerjentziazko planak / denak banan-banan, zure aurrekari penalak: intimoak, sexua, heriotza eta orfidalak; / gehiegi luzatu ziren salbuespen egoeretarako emergentziazko planak...".