Mundu osora zabaldu da George Floyd-en hilketaren berria. Mundu osoan milaka jende kalera atera da Minneapolisko poliziaren ankerkeria salatzera. Black Lives Matter -beltzen biziak garrantzia du- mugimenduak sustatuta, I can’t breathe -ezin dut arnasik hartu- lelopean. USA gaixorik dago. Arrazakeria arazo handia daukate, batez ere beltzen aurka areago nabarmentzen dena. Ku Kux Klan ez da atzo goizeko asmakizuna. Izan ere, historiaren sustraietan errotzen den injustizia sozialaren ondorio larria da. Beltzen komunitatea, oro har, txiroa da eta, ondorioz, haiek egiturazko gabezia handiak dituzte. BBC agentziak bost datu plazaratu ditu zurien eta beltzen arteko aldea nabarmentzeko. Batez beste, zuriek sei dolar badituzte, beltzek bat; gainera, handitzen ari da arrakala hori. Delitu berdinagatik, beltzek hogei aldiz zigor handiagoa jasotzen dute. Ikastetxeetan, egoera berdinetan, beltzak hiru aldiz gehiago zigortzen edo kanporatzen dira. Beltzen %70ak argi dauka auzitegietan, eta lantegi eta ikastetxe publikoetan harrera okerragoa egiten zaiela. Etxearen jabetzari dagokionez, zurien % 73 etxe jabea da; beltzen artean, berriz, %43k du jabetza. Hori horrela, kasu askotan, haien ghettoetan bizi dira. Heziketarik ez. Langabezia. Alkohola eta droga. Familia desegituratuak. Pandillak. Droga trafikoa eta prostituzioa. Bortizkeria eta delinkuentzia.
I have a dream -amets bat dut- da Martin Luther Kingek egindako hitzaldi ezagunenaren izenburua, Washintonerako martxan, 1963an, egin zuena. Amets hartan ikusten zuenez, etorkizunean azal beltz eta zuriko jendea harmoniaz, berdintasunean eta justizian biziko zen. Bistan da amets hura ederra dela, baina egia bihurtzeko bide luzea dagoela. Izan ere, arrazakeria hitz hutsaren atzean errealitate maltzur eta ankerrak daude, hain zuzen ere, pertsona beltzak gizarte apartheid egoera batera eramaten dituztenak.
Bestalde, USAn baino neurri txikiagoan bada ere, antzera gertatzen da baita Parisen, Bartzelonan, Iruñean eta beste edozein lekutan. Izan ere, arrazakeria giza talde txiro eta baztertuen aurka azaltzen den jarrera da. Nonbait, supremazista horiek ahaztuta dute haiek ere biluzik jaioak direla eta gorpu amaituko dutela. I have a dream.