Aurreko egunean, bizi dugun birus krisia dela eta, aditu bati entzun nion distopia bat bizitzen ari garela. Hitz ezezaguna, normala ez den zer edo zer bezala ulertu nuen, baina argitzeko hiztegira jota, esanahi abstraktu samarra aurkitu nuen, hau da, giza alienazioa eragiten duten ezaugarri negatiboak dituen etorkizuneko gizartearen fikziozko irudikapena. Alegia, zientzia fikzioan ikusiko litzatekeen modura, pertsonok, modu negatiboan, geure buruarekiko kontrola galdu dugu eta, berezko sena galduta, arrotz jokatzen dugu. Egia da bizi dugun honek osagarri guztiak izan badituela, hots, konfinamenduak, polizia kontrola, birus hilgarria, muturrekoak eraman beharra, elkar ukitu ezina eta tarte zehaztuak, komertzioak itxita, langabezia eta abar. Literaturako fikzioarekin alderatuta, beharbada, desberdintasun bakarra izanen da horren guztiaren atzean ez dagoela botere edo egitura maltzur bat horretara eraman gaituena. Nahiz eta konspirazio teoriak falta ez diren, ematen du osasun krisia baino ez dela.
Nolanahi ere, argi dago gure gizartea hankaz gora jarri duela eta aurretik pentsaezinak ziren agertokietara eramaten gaituela, etenik gabe. Aldatu da lan egiteko era, bidaiatzekoa, kirol edo kultur ekitaldirik gabe, udako herrietako bestarik gabe eta abar. Egoera horrek, jakina, maila pertsonalean makina bat pertsonengan eragin handia izan du.
Hala ere, denon esku dago egoera apokaliptiko honetatik ateratzea. Izan ere, erakundeek hainbat plan zehaztuko dituzte, baina horrelako egoeretan garrantzitsua da pertsona bakoitzak nola bizi duen prozesu hau, sormenez eta ekimenez. Horregatik, horrelakoetan, 2008. urteko krisian geundela lankide batek txantxetan esaten zidan esaldia gogoan izaten dut, alegia, be water, my friend (nire laguna, izan zaitez ura), Bruce Leek bere garaian sonatu bihurtu zuena. Garrantzitsua baita egoera berrietara egokitzeko malgutasuna izatea, dena etengabe aldatzen joaten da eta.