Merezimenduengatik

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2020ko ira. 11a, 08:21

Argazkia: Ekinklik

Nafarroako Gobernuak 1982tik aurrera urrezko domina ematen du, urtero. Hartzaileen artean daude, besteak beste, Jorge Oteiza, Cáritas Diocesana, UGT, Diario de Navarra, Miguel Indurain, eta abar. Horiek denak, nolabait, Nafarroaren alde nabarmendu diren pertsona edo erakundeak omen dira. Hala ere, emandakoa kendu ere egin liteke; batez ere, hartzailea desohore larri eta kaltegarri batean eroriz gero. Halaxe, egun hauetan, Nafarroako eledunen mahaian proposamena aurkeztu da Juan Carlos I. errege izanari Nafarroako urrezko domina kentzeko; denok, aski ezagunak ditugun ustelkeria eta galtza-lasaikeria kasuengatik. Alabaina, proposamenak ez zuen aurrera egin PSNren eta Navarra Sumaren ustetan ez zelako tamainako desohore egintzarik izan.

Bada, hori gertatzen zen egun berean, Mugitu! erakundeko hiru kidek AHTren (Abiadura Handiko Trena) aurkako ekintza ikusgarria burutu zuten. Zehazki, Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren balkoira igo eta banderen mastetara kateatu ziren. Haien asmoa izan zen Airef (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea) erakundeak egindako proposamena aldarrikatzea, hau da, amaitu gabe dauden AHTren obrak gelditzea, errentagarritasun sozioekonomikorik batere ez dutelako eta inolako irizpide objektiborik gabe eraikitzen ari direlako. Baita Sakanan ere, izugarrizko txikizioa eginen luke, batere kalte ordainik gabe. Bestalde, Mugitu! erakundeak proposatzen du AHT eraikitzen xahutuko litzatekeen dirutza koronabirusak sortutako gabeziei aurre egiteko bideratzea. Jakina, hiru ekintzaileak atxilotu zituzten; errege galtza-lasaiari ez bezala, ziurrenik hauei mozal lege makurra ezarriko zaie. “Justizia denontzat berdina baita!”.

Nolanahi ere, halako ekintzaileak beharrezkoak dira, batez ere, osasun demokratikoagatik, hau da, alderdi politikoen partitokrazia likitsaren aurrean, iritzi kritikoari hauspoa emateko. Horregatik, Mugitu! erakundeak Nafarroako Urrezko Domina ongi merezia izanen lukeelakoan nago AHT proiektu txikitzailea eta xahutzailea salatzeko eta herritarroi ezagutarazteko egindako lan eskergagatik, edo, behintzat, Juan Carlos I.ak baino merezimendu gehiago badu, ez da hala?