Aurreko egunean, Euskadi Irratiko goizeko saioan Arantxa Urretabizkaia idazlea oso kritiko azaltzen zen Pandemiari buruz agintari politikoak oro har egiten ari diren kudeaketaren gainean. Laburbilduz, gizartearen infantilizazioa bultzatzen ari direla esaten zuen, hots, haurrak baikinan jolasten dutela gurekin. Hori horrela dela baieztatzeko aipatzen zuen agintariek arauak eta zigorrak erabakitzen dituztela, baina pedagogia gutxi egiten dutela, alegia, autoritatea (edo autoritarismoa) sustatuta, herritarrongan beldurra eta mesfidantza hedatzen dutela.
Egia da agintarien eginkizuna ez dela batere samurra; hala ere, haien egiteko erak akats franko dituelakoan nago. Zientzian oinarritutako erabakiak omen dira, horrekin dena esana balego bezala. Baina, ez dakigu epidemiologoez gain, psikologoek, soziologoek, ekonomialariek edo nork demontre gehiagok osatzen duten talde erabakitzaile hori. Beharbada, Gobernuak arlo ezberdinetako gizarte eragileekin afera landuko balu, hau da, enpresekin, sindikatuekin, kultura eta kirol ordezkariekin, gazteekin, jubilatuekin eta abarrekin, haien engaiamendua lortzeko, herritarrontzat sinesgarriagoa izanen litzateke. Beharbada, tabernak eta jatetxeak bezala, aginduz kaltetzen diren jarduera ekonomikoendako konpentsazio argiak eta arinak xedatuko balira, ez litzateke erabaki arbitrarioak direlako susmorik hedatuko. Beharbada...
Orain, Nafarroa osoari ezarri zaio konfinamendu perimetrala eta tabernak eta jatetxeak itxita, kutsagune bakarrak bailiran, hamalau egunez. Hala ere, bizpahiru aste aurretik jakina zen Iruñerriko egoera kezkagarria; baina, aitzakiaren aitzakiaz, Espainiako Vueltaren etapa pasatu arte itxaron da erabakiak hartzeko. Zientzian oinarrituta ote? Gainera, ez Iruñerria soilik, Nafarroa osoa baizik. Iruñazentrismo halakoa! Ez dakit, baina neurriak ezartzeaz gain, garrantzitsua litzateke herritarrok ere haiekin bat egitea, baina horretarako informazioa eta gardentasuna falta da. Hori horrela, nire aldetik txartel gorria Gobernuaren azkeneko erabaki horiei.