Astekoa

Liderrak

Autoan nindoala, Hil da Jainkoa Pi L.T.-ko Rafa Ruedaren ahots grabe urratua jaurtitzen zuen irratiaren bozgorailuak. Ondoren, albisteen tartean, Messi Barçako jokalari bikainaren soldata ezin bikainagoaren berri eman zuten, zehazki, bostehun eta berrogeita hamabost milioi euro lau urtetan, eta aurretik (eta ondoren) irabaziak aipatu gabe. Jakina da hainbat izarrek dirutzak irabazten dituztela, baina horrela entzunda... jainko arren! Kopuru hori beste modu batera esanda, hilean bi mila euro irabazten dituen langile batek hemeretzi mila zortziehun eta hogei urtez lan egin beharko luke kopuru hori berdintzeko. Ikaragarria!
Osasunako jokalari ohi Michael Robinsonek kontatuta, Fowler jokalariak Ferrari bat erosi zuela-eta Liverpool taldeak autoa itzultzera behartu omen zuen. Izan ere, horrelako auto bat gidatzea taldeko zaleekiko errespetu falta eta probokazioa omen zen, eta haiek jendearen menpe izateko omen zeuden. Messiren kasuan, berak sartzen ditu golak, baina zer eginen luke berak bakarrik? Taldeko hogeita piko jokalaririk gabe; langile teknikorik gabe; klubeko administraririk eta mantentze lanetako langilerik gabe; zalerik gabe; eta abar luze bat gabe. Zer izanen litzateke Messi horiek denak gabe? 'Demokrazia' meritukratikoetan neurririk gabeko lidergoak eta eliteak sustatzen dira. Kudeatzaileek horrelako irabaziak justifikatzen dituzte, horrenbesteko aberastasuna sortzen omen du eta. Horrela, milaka bizitza bizita ere, gastatzerik izanen ez lituzketen ondasunak pilatzen dituzte. Bitartean, aurreko krisiaren eta oraingo koronabirusaren pandemiaren ondorioz, jende multzo handiak egoera zaurgarri eta penagarrian daude.
Messi munduko jokalaririk onena da, haren jokoa miresgarria, eta horrexegatik Sakanako eta Nafarroako haur askok futbol kamiseta eramaten dute 10 zenbakia eta haien idoloaren izena idatzita. Hala ere, gizarte komunitate batek meritua baliosteko duen neurrian dago gakoa, alegia, tresna eraginkorrak ezarri behar dira gizarteak sortutako aberastasuna era duinagoan eta justuagoan banatzeko. Bestela, 'demokrazia', eliteen tirania bihurtzen da.