Garai batean erraz bizi nintzen. Ordurako lanean gustura eta bizitzeko gogo handia. Eguna trinkoa izaten zen eta jarduera pila bat egiten nituen. Bikotearekin paseatu eta bidaia ugari egin. Lagun taldean mendira eta eskalada. Kuadrillakoekin poteoak eta afariak. Nahikoa denbora kirola egiteko eta baita saltsetan ibiltzeko ere. Batzuetan, auzo lotsa ere sentitzen nuen. Bikotearekin batera etxea erosi eta bizimodu betea nuela sentitzen nuen, neurri batean pribilegiatua. Horrela, handik gutxira bikoteak haurdun zegoelako berria eman zidan. Aita! Horixe berritasuna, zirrara eta ardura. Hilabeteak pasatuta, erditzeko ikastaroetan parte hartu nuen. Orduan ikasi nituen arnasketarako hainbat teknika, haizea hartu eta haizea bota. Eta eguna ailegatu zenean, erditzeko gelan egin nion harrera alabari. Dena ongi joan zen, amatxo ere ongi, eta egun neketsu pare bat ospitalean pasatuta, etxera. Gu biak, ama eta aita, bai, baina gurekin generaman ordura arte gure artekoa ez zen beste izakitxo hura, gure alaba, haur saski eramangarri batean sartuta. Etxera ailegatzean, aldamenekoarekin topo eginda, “zer txikia den!” esan zigun haurrari begiratuta. "Bai, honek bizitza osoa dauka aurrean" atera zitzaidan niri.
Etxean sartuta, haur saskia sukaldeko mahaiaren gainean utzita, han gelditu ginen izaki hari begira, zer egin oso ongi ez genekiela. Orduantxe konturatu nintzen aita nintzela, izaki hori erabat ezgaia zela, izaki horrekiko erantzukizuna nuela, eta inork ez zidala deus ere irakatsi aita batek zer eta nola egin behar dituen gauzak. Lehenengo hilabeteak izaki arrotz haren estimulu erantzunen behaketarako izan ziren. Horrela, hirugarren hilabetean edo, konturatu nintzen haur hura ezagutzen hasia nintzela eta igartzen nuela egiten zituen keinuen eta negarren zergatia. Eta handik aurrera, dena izan da jolas parkeko errusiar mendi batean ibiltzearen tankerakoa, lorik gabeko gauak, larrialdietako gauak eta gaixotasunak, jolasak eta abestiak. Geroago, bigarren haurra jaio zen. Ordurako zer edo zer banekien. Horrela, jolas gehiago, larrialdietako eta lorik gabeko gau gehiago, nola handitzen diren ikustea, haien jolasak, haien negarrak, irribarreak, haserreak, ikasketak, abenturak, bidaiak, kirol jarduerak eta beste makina bat kontu, hau da, haien hazkuntza, heziketa eta garapena. Bitartean, bikotearekin etengabeko negoziazioa eta lankidetza.
Laburbilduz, ardura eta nekea, zoriontasuna eta maitasuna. Nolanahi ere esperientzia aberatsa, zirraragarria eta aberasgarria. Aita guztiei, zorionak!