Nafarroa. Nafarroa Garaia. Poetarentzat, arragoa, argiaren pausaleku, haizearen ibiltoki zabal, hesirik gabea. Sua eta ura, kondaira urratu baten oihartzun oihukatua. Amets bat baino gehiago, ez oparotasun osoa: nahiaren eta ezinaren burruka toki ekaitzez betea.
Aurten, 500 urte betetzen dira Noaingo bataila gertatu zenetik. Orduan, Frantziako eta Gaztelako erresumen arteko gatazkaren giroan, komuneroen altxamenduagatik Gaztela ahul zegoelakoan, Nafarroako Enrike II.ak, Frantziako erregeak lagunduta, Nafarroako Erresuma berreskuratzeko ahalegina burutu zuen. Horretarako, 1521eko maiatzaren hasieran, Andre Foix Asparrotseko jaunak gidatuta, 12.000 oinezkok, 800 lantzak eta 29 artilleria piezak osatutako nafar-gaskoien armadak errekonkistari ekin zion (gogoan eduki Fernando katoliko-faltsarioak 1512an bortizki konkistatu zuela Nafarroa). Maiatzaren 19rako Iruñea hartua zuten eta Lizarra, Tafalla eta Tuterako altxamenduen bidez gaztelarrak agudo kanporatu zituzten. Baina, Erresuma gotortu beharrean, Logroño erasotzera joan ziren. Hura setiatzen ari zirela, jakitun 30.000 kidez (horien artean, 5.000 probintzietako euskaldun eta 4.000 beaumondar) osatutako gudaroste bat bazetorkiela, Nafar-gaskoien armadak Iruñerako bidea hartu zuen, eta Noaingo zelaietan gertatu zen bi gudarosteen arteko talka, ekainaren 30ean. Gaztelako gudarosteak nafar-gaskoiena inguratuta, izugarrizko sarraskia egin zuen. Nafarren aldetik 5.000 lagun hil ziren, gaztelarrenetik 300. Zenbat odol isuria Getzeko zelaian arratsalde sargoritsu hartan!
Geroztik, Nafarroak gorde dituen foruen eskuduntzek etengabeko murrizketak izan dituzte, kontrafueroak eta bortizkeria baliatuta. Nolanahi ere, Nafarroaren burujabetza osoa berreskuratzeko sugarrak beti iraun du bizirik eta indartsu, Foruen monumentua lekuko. Horrela, demokrazian sakonduz, etorkizuneko Nafarroa soilik izaten ahal da askea, euskalduna, demokratikoa, ez-patriarkala, lurrarekiko lotua eta justizia soziala bermatzen duen Estatu burujabea. A. Kanpionek zioenez, "lurra nigan oihukatzen dut eta ez dio oihu egiteari utzi eta ez dio utziko ni hil artean".