Irailean sartzearekin batera, kristo guztia ikasturte berrirako planak egiten hasia da. Aurten Bartzelonako metropoli aldean ibiltzea egokitu zait, seme-alaben unibertsitate kontuak tarteko. Harrigarria katalan hizkuntzaren erabilera zabal eta indartsua! Harrotasunez egiten dute, gurean ez bezala. Unibertsitatearen irekiera ekitaldia ere, katalan hutsez. Haiek katalanak dira eta katalanez hitz egiten dute. Gu, berriz, elebidunak omen gara eta espainolez hitz egitera kondenaturik gaude.
Nafarroan, euskarazko telebistaren lorpena epikoa izan zen. Paz de Ciganda ikastolako gurasoek eskatuta eta herri ekimenak sustatuta, ETB1 ikusteko antena Aralarko santutegiko teilatuan jarri zen 1985. urtean, garaiko agintarien eta legeriaren gainetik. Inocencio Ayerbe Aralarko kaperau euskaltzale uhartearrak garai hartan Guardia Zibila joan zitzaionean egindako adierazpenak: "ni prest nengoke bizia emateko, beharrezkoa balitz, Nafarroan euskararen hedapena sustatzeko, baina paso egiten dut politikaz eta are gehiago helburu komertzialez".
Hainbeste urte pasatu direnean, ETB1 hura, euskaldunon komunitatea sendotzea eta euskara sustatzea helburu zuena, ETB2 katearen menpeko bihurtu da, edukietan txirotua eta eskastua eta ordutegietan zokoratua. Horrela, ETB2 hiztun euskaldunendako espainolismoaren Troiako zaldi bihurtu da. Izan ere, euskaldun peto-petoak espainolez hitz egiten jarrita, barra-barra espainolismoaren ereduak eskaintzen dizkigu, izan politikarienak, kirolarienak, kultur eragileenak, telebistako pertsonaienak eta abarrenak. Euskaldunak euskaraz aritzea gutxietsiz eta, horren ordez, espainolismoa sustatuz. Hori bai, saioak amaitzerakoan, "izan ondo" eta "bihar arte" kortesiazko esaldiez apainduta. Bestalde, Nafarroan eragozpen teknikoak omen daude gazteendako berariazko programazioa euskaraz eskaintzen duen ETB katearen hedapena egiteko.
Hori horrela, kontuan izanik, ETB-k Nafarroan duen hedapenak euskararen sustapena oinarri duela, xede horri jarraikiz, ETB2 espainolismoaren Troiako zaldiaren ordez, ETB3-ren hedapena da justifikaturik legokeena. Mingarria baita euskaldun petoak espainolez entzun behar izatea! Horixe, ikasturterako helburu bat.