Oinez hasi naiz eta espaloiaren ondoan hainbat zigarrokin daudela ikusi dut. Pixka bat aurrerago auto baten kapotaren gainean beste zigarrokin bat dago; ikusten denez, bertan erre da azken zatian zentimetro bateko hautsa puntan baitauka. Hogei metro egin gabe, espaloiaren kontra plastiko gardeneko edalontzi bat dago. Bost bat metro aurrerago, espaloiaren gainean etxearen kontra litxarrerien plastikozko poltsa bat, Cheetos irakurri dudala iruditu zait. Pixka bat aurrerago espaloiaren erdian musuko urdinxka bat dago, zapalduta. Bitarte honetan, zigarrokin gehiago ere ikusi ditut espaloiaren ondoan. Ez ditut hogeita hamar metro egin eta errepidearen erdian beste musuko bat dagoela ikusi dut, hau ere urdinxka eta zapalduta. Hamar metrora plastikozko botila bat dago espaloiaren kontra, zapalduta. Honako hauxe da Sakanako herri koxkor gehienetako erdialdeko kaleetako 100 metroko zikinkeriaren erradiografia (Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Altsasu…).
Beharbada, beti egon izan dira antzeratsu, baina nik azken bolada honetan gehiago erreparatu diot egoera horri. Gure herrietako kaleak zikin ikusten dira. Eta ez dut esan nahi udaletako arduradunek ez dutela ahaleginik egiten garbi edukitzeko. Zikin daude hainbat herritarrek zerri moduan jokatzen dutelako eta uste dutelako eskubidez jokatzen dutela edozein zikinkeria kalera botata, zigarrokinak barra-barra, edalontziak, botilak, poltsak, …ia-ia denak plastikozkoak, ziurrenik, ibaian eta itsasoan bukatuko dutenak. Penagarria!
Alde batetik, azken urteotan hainbat konturen gainean herritarren kontzientzia handitzen ari da, esate baterako, ekologia eta espazio naturalen eta urbanoen garbitasuna zaintzeko tenorean zaborrak bilduz eta birziklatuz, baina bestetik, horrelako utzikeria eta zikinkeria ikusten da. Zalantzarik gabe, herritar gehienek arduraz eta txukun jokatzen dute; baina, agerian dagoenez, zoritxarrez, hiritartasun heziketan hutsune handia daukagu. Kaleak zikin eta zaindu gabe egoteak oso itxura dekadentea eta tristea ematen diote herriei.