Astekoa

Kantuz nahi bizi

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2022ko mai. 16a, 09:02

Aurreko larunbatean, eguraldi bikainez lagunduta, Etxarriko Kantuz taldeko berrogei lagun inguru kaleak alaitzen ibili ziren, udaberriari eta COVID-aren ondorengo ohikotasunera itzultzeko keinua eginez. Guztiek erne segitzen zizkioten Maider zuzendariak emandako jarraibideei, Urko akordeoilariaren doinuez lagunduta. Bestalde, taldearen jardunaren antolaketan ezinbestekoak dira Marino "gerentea" eta Martin "azpiegitura arduraduna".

Taldeko kide izateko ez da abesteko gaitasun berezirik eskatzen, nahikoa da gustukoa izatea eta ongi pasatzeko gogoa, eta erretreta hartua izatea. Horrela, taldekideen artean badira abesbatzan ibilitakoak, urretxindorren modura goxo eta dotore abesten dutenak, eta badira urteen joanaren ondorioz belaunak nekatzen diren bezala, entzumen gaitasuna murrizten hasia dutenak ere. Batzuek, bikain bereiziko dituzte noten sostenituak eta bemolak, beste batzuek Fa nota beharrean La abestuko dute, gehiegi arduratu gabe, eta izanen da Do tonuaren ordez Sol gogoz ematen duenik ere. Nolanahi ere, banakako kaosa horiek denak batera jarrita, abesti ederrak sortzeko gaitasuna dute, armonian eta giro jatorrean, bakoitzak bere onena ematen baitu.

Kantu errepertorio zabala dute, euskal kantutegi tradizionaletik hautatuz urtero berritzen dutena. Lete, Lertxundi, Oskorri, Imanol, P.P. Berzaitz, Itoitz, Altzükütarrak eta beste makina bat autore. Horrela bada, gaitegi askotarikoa dute; izan ere, euskarari, maitasunari, Euskal Herriari, Nafarroari, liliei, txoriei eta mendiei, bakean topa egiteari eta bizitzari eta heriotzari bezalako kontuei abesten diete. Gauza ederra! Erramunek abesten duenez, "Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi".