Ikasturtearen azken txanpan gazteak buru-belarri ibili dira ikasketak ateratzeko ahaleginetan. Batzuk nekez, besteak ez hainbeste; hala ere, sekretu handiegirik ez; gogoa, lana eta segitzeko grina. Askorentzat motibazio falta izaten da aurrera egiteko, eta horretan hezkuntza sistemaren ereduak zerikusi handia du.
Orain, badirudi hezkuntza sisteman aldaketak burutzeko lege berria aztertzen ari direla. Horren harira, beti gogora etortzen zaizkit Julian eta Karlos, anaia eta lehengusu bat, hogei-hogeita bost urteren bueltan Kaliforniara joan zirenak. Hemen ziren bitartean eskola kontuetan deus gutxi, eta langabezia eta eskasia franko ibiltzen zuten, izan ere, 90. hamarkadako krisi gogorraren garaiak ziren. Orduan ere! Bada, hara joanda, ahaideen arrimuan lanean hasi ziren San Franciscoko badian. Julian, zurginlaguntzaile etxeen eraikuntzan; Karlos, jateko tipiko amerikarra eskaintzen duen Chevys batean zerbitzari. Hango hezkuntza sistemak horretarako aukera anitz eta malguak eskaintzen dituenez, lan egin bitartean, biak hasi ziren Community College horietako batean ikasten, ingelesaz gain konputagailu bidezko diseinu grafikoa. Biek burutu zuten garai hartan oso berritzailea zen aurre-gradu hura, eta berehala hasi ziren informatikari lanetan. Gaur egun, Adobe enpresa erraldoiarentzat ari dira.
Haien eta beste batzuen esperientziak entzunda, argi dago hango hezkuntza sistemak beste aukera batzuk eskaintzen dituela. Bai arlo teknikoan, baita graduko ikasketetan ere, gaitegi zabala eta malgutasun handia dago bakoitzaren ikasketa ibilbidea antolatzeko. Batxilerra eta unibertsitateko graduaren artean Community College horiek daude, bi urteko aurre-graduko titulua eskaintzen dutenak. Helduak ere, erraztasunez birziklatzen dira, edo hobetzen dute haien kualifikazio profesionala, goizez ala arratsaldez ikasteko aukera izaten baita. Bestalde, metodologiari dagokionez, ikaslearen partaidetza sustatzen da. Pelikuletan bezala, solasaldiak eta eztabaidak edo aurkezpenak. Klase magistralak baino, komunikatiboak eta praktikoak. Izan ere, Kalifornian, bizitzaren denborak erritmo biziagoa du, bidean malgutasun handiago eta aukera gehiago topatzen baitira. Hori horrela, Nafarroako Parlamentuan estatus berria eztabaidatu nahi dela eta, noizko Nafarroako hezkuntzako sistema propioa?