San Juan bezperako suan salto eginda, erritu zaharrez asmo berriak ardazteko grina. Urteko egunik luzeenak, eguzkiak bere gailurrik altuena hartzen duen egunak. Bitxia, aldi berean, eguna mozten hasten den unean sartu gara udan, gure bizitzaren antolaketan halako garrantzia duen sasoian. Ikasturtea atzean utzita, dagoeneko unibertsitate eta lanbide heziketako matrikula berritzen ariko dira ikasleak, eta oporraldiari begira langileak eta gainontzekoak. Bazter guztietan zabaltzen hasia da aurtengo bero zakar aurreratuak ekarri duen nagirako eta erlaxatzeko gogoaren lurrina.
Guaixen ere, plangintza berria egiteko zutabegileoi mahai gainean jarri digute beste urte betez segitzeko eskaintza. Horixe erabaki konplexua! Zutabeak idaztea, huskeria. Bost minututan, axolagabeki, edozein gai era txepel batean azaltzea. Jendaurrean norberaren pentsaera biluzik erakustea. Zalantzak. Ardura. Botatako iritzien neurria eta egokitasuna. Kontziente burua nabarmentzen duenari batetik ala bestetik daka datorkiola.
Jakinik makina bat jende dagoela zer esateko gehiago duena, eta hobeki egin lezakeena. Baina tira, nolanahi ere, prest azaldu naiz, euskaraz egiteko helburuz, nire ekarpen xumea egiten segitzeko. Bestalde, herrietako festak eta jaialdiak ere errenkadan datozen honetan, osasun ikerketek alkoholaren eta drogen kontsumoaren adikzio eta kalte fisiko eta psikoneuronalen datu kezkagarriak azaltzen dituztenean, batez ere, gazteenei gogoraraziko nieke alkoholaren gehiegizkoak eta drogen kontsumoak ez duela pertsona interesgarriago eta zoriontsuago egiten, ergelago bihurtzen baizik, hartutako kopuruaren proportzio berdinean. Gaurko irri erraza, biharko negar garratza. Hortaz, uda bizi eta gozatu eta izan zeu, burujabe, ez burugabe.