Bera euskalduna da, ez elebiduna. Hala ere, berak gaztelaniaz ongi hitz egiten du eta ingelesez ere dezente moldatzen da, frantsesez ere pixka bat. Berak ez du bere burua elebidun ikusten, horrela eginen balu erdarak bere izaera konkistatua sentituko luke, eta berak euskaldun izan nahi du. Aukera duenean, bizitzaren esparru guztietan euskaraz egiten ahalegintzen da, hala ere, beharrezkoa denean ez du inolako eragozpenik gaztelaniaz ala ingelesez egiteko. Batzuek galdera luzatzen dute: euskara zertarako? Berak argi dauka. Euskara, bera den pertsona izateko. Hainbat belaunalditan bere arbasoen bidez jaso duen kultura berea egiten duelako, euskara altxor paregabea delako. Hizkuntzen itsasoan, gaztelania, frantsesa eta ingelesaren aldean, hizkuntza txikia, baina berea, eta bera pertsona bezala identitatea ematen diona, euskaldun egiten duena. Euskalduna ez dena, erdalduna da. Euskaldunak Euskal Herria egin lezake, erdaldunak askoz jota ere Erdal Herria eginen luke. Batzuek esaten dute euskaldun izatea zaila eta nekeza dela, baina ez dira konturatzen gizarte erdaldundu honetan besteek ez duten altxor baten jabe direla, euskararen altxorra. Horregatik, bera euskaldun izaten saiatzen da Euskal Herriko txoko guztietan, askotan erdara nagusi den itsasoan ere. Kontziente.
Ezagunekin, euskaldunekin beti euskaraz hitz egiten du. Ezezagunekin, lehenengo hitza beti euskaraz. Askotan ustekabeak izaten ditu, Altsasuko taberna batean ´kafe ebaki bat` ulertu ez eta gaztelaniaz egiteko eskatzen diotenean bezala. Berak arazorik gabe eta adeitasun osoz gaztelaniaz egiten du. Baina beste batzuetan, espero ez duenean, euskaraz eder ulertzen diotela konturatzen da, jakinda berrogei urtetik azpiko gazteen artean Sakanerrian ehuneko laurogei batek eta Iruñerrian heren batek euskarazko ereduan ikasi dutela. Ustekabe horiek poztasunez hartzen ditu. Beti ere, naturaltasunez jokatzen saiatzen da, aurrean duen pertsona errespetatuz eta egoera bakoitzera malgutasunez moldatuz. Bestalde, jakitun da euskaldun bezala hizkuntz eskubideen jabe ere badela, eta ahalegintzen da eskubide hori errespeta diezaioten, batez ere, administrazio publikoetako leihatiletan. Horietan, penagarria da dagoeneko Nafarroako Gobernuan zortzi urte daramatzatela gobernu "aurrerakoia" beren buruari esaten diotenak gobernuan, eta oraindik ere ez dela ezertxo ere nabaritzen herritarrei legez eskaini beharreko euskarazko arretan. Euskaldun izateagatik harrotasunez, eta altxor baten jabe delako poztasunez.