Ast

"Sorioneku" gu, euskaldun izatearen altxorraren jabe izateagatik!

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2022ko aza. 28a, 12:04

Hitz magikoa, euskaldun eta euskaltzale guztiok atseginez hartu duguna. Hipotesia berresten bada, hamalau zentimetro eskas dituen esku irudiko idazketa paleografiko baten bidez jakin izan dugu gure antzinako arbasoak, erromatarrak etorri aurretik ere, alfabetatuak zirela eta kultura garatua zutela, sistema grafiko propioa eta guzti. Alegia, ez zirela erdi larrugorritan ibiltzen ziren basati gixajo batzuk. Adrenalina txutea, la ostia

Hain garrantzitsutzat eman den aurkikuntza zientifikoa aurkeztean, Maria Chivite presidenteak pozik egotearen itxurak egin zituen, korapiloa barnean ziurrenik. Izan ere, egun batzuk lehenago, Nafarroako politikaren egoeraz hitz egitean, euskara "inposatzearen" aurkako alegatua egin zuen, irmotasunez. Hipokrita halakoa! Berak ordezkatzen duen alderdi politikoak berrogeita hamar urte daramatza, frankismoak ezarritako oinarri ideologikoari segituz, euskararen sustapenari trabak jartzen eta euskaldunon eskubideak lotsagabeki eta autoritarismoz zapaltzen, administrazioko arretan, plantiletan euskarazko lanpostuetan, hezkuntzan, justizian, eta abar; baita presidente den legealdi osoan ere. Maria Chivitek jakin nahi badu zer den hizkuntza inposatzea, galde diezaiola edozein nafar euskalduni!

Bestalde, ildo beretik, izan da aurkikuntza zientifiko horren aurrean meneko aitortza egin arren, batez ere gutxiespeneko mezu pozoigarriak hedatzeko baliatu duenik ere. Horrela, arkeologia hutsa, beste baliorik gabea. Baskoiera hildako hizkuntza, egungo euskararekin loturarik gabekoa. Baskoien hedapena Nafarroara mugatuta, beste euskal herrialdeetatik bereizteko saiakera, "apropos" ahaztuta antzinako kultura hura Akitaniara (egungo Gaskuniara) eta Kantauri aldera ere hedatua zela, eta abar. Labur esanda, euskal kutsua duen edozeren aurka aritzeko hartua duten erabakimen ideologiko garraztua elikatzea, besterik ez. Nolanahi ere, haien atsekaberako, erromatar inperioa aspaldi erori zen, baskoiok hementxe diraugu.

"Sorioneku" gu, euskaldun izateagatik gure baitan altxor bat dugula jabetzeko hitz liluragarria. Milaka urteko katea etenik gabe eusten duen hitz miresgarria. Urruneko arbasoengandik seme-alabengana eta horrela beste mila urtez izan dadin indarra ematen digun mezu zoragarria. Euskaldunok, altxa burua "Sorioneku"!