Gaur despedituko dugu aurtengo Euskaraldia. Ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekin genion ariketari. Euskaraldiak azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte Ahobizi edo Belarriprest izatera gonbidatu gintuen, eta gainera Ariguneak ere izan dira egunotan. Horrela, kaleak bete omen ditugu euskaraz hitz egiten. Hori bai, ariketa "egun horietara" mugatu zen.
Euskaraldiaren aurkezpena Nafarroan egin zutenean, bertan izan ziren Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi. Horrela, Nafarroako Gobernutik gonbitea egiten zaigu "egun horietan" euskaraz aritzeko ahaleginak egiteko. Bestalde, Gobernuak eta beste erakundeen laguntzaz antolatutako kanpaina horretan sumatzen da dirua mugitzen dela. Marketina eta horren inguruan sortutako propaganda ikusi besterik ez dago. Gobernuko alderdi "euskaltzaleen" erabakimena?
Izenburuan "baina" paratu dut, hain zuzen ere, badelako zer edo zer ariketa honetan ongi koadratzen ez duena, edo bai. Izan ere, dagoeneko bigarren legealdia betetzera doa eta teorian Gobernu "aurrerakoia" edo "progresista" omen dugu, baina euskara kontuetan, euskalgintzako erakundeei sosa pixka bat gehiago emateaz haratago, herritarrok ez dugu sumatzen aurrerapenik egin denik. Alegia, Gobernuaren departamentuetako leihatiletan, eta oro har haiek ematen duten informazio teknikoan, euskaraz egin ahal izatea Lurdesko amabirjinak itsua sendatzea bezalatsukoa da. Justizia departamentuan, euskarak alergia sortzen die nonbait, ez baitago horren arrastorik. Eskerrak justizia denontzat berdina den! Foruzaingoak ere halaxe jokatzen du, berdin Sakana eremu euskaldunean. Eskerrak lege eta arau zaintzaile diren! Eta horrela, zerrenda amaigabea egin liteke.
Euskaraldiaren egitasmoa eta xedea euskararen sustapenerako baliagarriak izanen badira ere, nahitaezkoa da euskaldunon eskubideen estatusa benetan bermatzea eta administrazio egiturak horretarako egokitzea. Hori horrela, Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza Euskaraldia aurkezteko argazkian azaltzen bada ere, Nafarroako Gobernua euskaldunon eskubideak bortizki eta egunero zapaltzen ari da, baita Euskaraldian ere.