Ikerketa batean, berri ona ala txarra, zein jaso nahi zuten lehenengo jendeari galdetuta, gehiengo handiak lehenengo txarra emateko eskatu zuen. Normalean, nahiago omen dugu lehenengo txarra jaso eta, horrela, bigarren onaren onurak aurreko txarraren nahigabea arindu eta gainditzen lagunduko du.
Bada, aurreko batean, gosaria ozpintzen duten horietako baten berri izan genuen. Hain zuzen ere, euskalgintzako zutabe garrantzitsuenetakoa den Ikastolen Elkarteko lehendakariak bere lehenengo liburu pertsonala argitaratu zuen. Eta nola? Bada, gaztelaniaz. Sakon pentsatuta, bere argitalpenari proiekzioa eman nahi izan omen zion. Tellituren ereduari segituz, ez genuke euskal sortzailerik izanen, ez idazlerik, ez abeslaririk, ez bertsolaririk, eta ez besterik. Jarrera horrek muzin egiten dio ikastolek eta euskalgintza osoak euskaraz duintasunez bizitzeko egiten duten lanari eta aldarrikapenari. Eredu makurra! Argi dago, batzuentzat euskara elementu folkloriko hutsala dela. Horregatik, euskalgintzako erakundeetako arduretan pertsona koherenteagoak egon beharko lukete; bestela, euskaldunok duintasunez eta eskubidez bizitzeko egiten dugun aldarrikapena desakreditatu egiten dute, besterik ez. Alegia, euskaraz bizi nahi izatearen erabakimenari, iruzurra egiten diote. Bestalde, nik behinik-behin, aspaldi utzi nion idazle euskaldunek gaztelaniaz idatzitako liburuak irakurtzeari, niregan proiekzio gutxi dute.
Txanponaren beste aldean, Shakirak, bikote harremana hautsita, Piqueri ateratako kanta entzutetsua dela eta, Iratxe Aguilera gazte gasteiztarrak, Kai Nakai goitizenez ezaguna denak, abesti horren euskarazko bertsioa eginda, milioi batetik gorako entzunaldi-ikustaldi izan omen ditu egun gutxi batzuetan sare sozialetan. Ikusten denez, euskaraz bizitzeko nahiari lotutako egitasmoak arrakasta izugarria lortu du. Eredu txalogarria!
Euskaldunok, eta euskarak, aurrera eginen badugu, kontzienteki eta erabakimenez jokatu beharrean gaude; itxurakeriak, folklorismoak eta postureoak alde batera utzita.