Astekoa

Nafarroaren gurutzegrama

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2023ko mar. 13a, 09:14

Mahaira eserita, zerbitzaria etorri zain. Anak (A) hasi du hizketa bidea. Jakin duzue Nafarroako Administrazio Auzitegiak galarazi duela Orkoiengo hainbat lanpostutan euskarazko profila eskatzea? Bittoriok (B), independentzia behar dugu! Ak, Nafarroarena? Bk, Euskal Herriarena. Euskal Herriarena? Nafarroa Osoarena. Orduan, Nafarroa zer da? Nafarroa Garaia. Baina, ez dugu esaten Nafarroa Garaiko Gobernua, Nafarroa beti Nafarroa izan da. Ez, Nafarroari, Nafarroa Garaia esan behar zaio, eta Nafarroako edo Euskal Herriko Estatuaz hitz egitean, pareko izan behar dute. Nafarroa eta Euskal Herria esanahi berdinarekin ez al da nahasgarria? Beno, Nafarroa historikoari erreparatuta, hala behar du. Baina, onartuko al dute gaurko nafarrek Nafarroari Nafarroa Garaia deitzea, egungo Nafarroa izan baita historikoki Nafarroako Erresumaren erroa eta enborra. Bada, egungo Nafarroa Nafarroa Garaia behar du. Ez al zen antzeko gertatu Nafarroa Euskadi da lelo harekin? Hura, gaindituta dago, orain, Euskadi baskongadak dira. Baina, hango unibertsitateari Euskal Herriko Unibertsitatea deitzen diote, Euskadiz gain Euskal Herria izena ere haiena egina dute; bestalde, hango politikariek biak baliatzen dituzte barra-barra probintziei erreferentzia egiteko. 

Hala ere, independentzia Euskal Herriarekin edo Nafarroarekin lotu behar da. Orduan Nafarroa, barkatu, Nafarroa Garaia, Euskal Herria edo Nafarroa horretan Gipuzkoa edo Bizkaia probintzien pareko izanen da politikoki. Jakina. Baina, Nafarroak historikoki eta gaur egun politikoki ere, Gipuzkoak edo Bizkaiak baino erabakitzeko ahalmen gehiago ditu. Probintzia bakoitzak bere foruak izanen lituzke. Orduan, Estatu horretan, Nafarroa Garaian, Osasunbidearen ordez Osakidetza, edo, foruzainen ordez ertzaintzak izanen genituzke? Ez, ez, Nafarroan Osasunbidea eta Foruzaingoa. Eta Hezkuntza sistema eta beste ahalmenak? Horiek ere Nafarroa Garaiarenak. Orduan, ez dira lau herrialdeak eskuduntza berdinekoak izango. Bada, ematen du ezetz. Hortaz, etorkizuneko egitasmo hori ez litzateke izan behar historikoki erabili izan den Nafarroa (Garaia) eta probintzien arteko aliantza moduko bat, vasco-navarra edo Euskadi-Nafarroa edo horrelako zerbait, baina bakoitzak bere burujabetzari eutsiz?... Solasaldian, delako independentzia horrek, Nafarroan, euskararen estatusari eta erabilerari nolako ekarpena eginen liokeen argitu gabe, zerbitzaria etorrita, Nafarroako ala Arabako Errioxako ardoak eskaini ditu. Ak eta biok Nafarroakoa eskatu dugu, eta Bk Arabakoa. Denak, barne hausnarrean murgildu gara ardoa poliki-poliki dastatuz.