Aurreko batean, Nafarroako Gobernuak Irurtzunen duen Erregistrora telefonoz deitu nuen, "Erregistrorako hitzordua nahi dut". "Háblame en castellano, si quieres que te atienda", izan zen telefonoaz bestaldeko erantzun lehor eta autoritarioa. 'Nire eskubideen' aldarrikapenetan hasi gabe, zuzentasun osoz, gaztelaniaz egin nuen eskaera. Egun beretsuetan, Elma Saiz PSNko Iruñeko Udaleko zerrenda buruak ozen esan zuen hark ez ziola bozkarik Asironi emango, Asironek euskarazko haur eskolak inposatu egin omen zituelako. Halaber, Txibitek, Gobernuko presidente izateko nahian, euskararen inposaketarik ez duela onartuko, berak elkarbizitzaren aldeko egitasmoa sustatzen duela dio.
Alabaina, PSNk hauteskundeetan zabaldutako propaganda, gaztelania hutsez idatzita dago, baita eremu euskaldunean erabili duena ere! Propagandako puntuetako batean, euskara dela-eta elkarbizitza sustatuko omen du, borondatezkotasuna eta aukera berdintasunak bultzatuz, eta tematuta, euskara independentismoarekin lotzeko.
PSNk, lotsagabeki, zabaltzen duen diskurtsoak erabat eraldatzen du errealitatea. Gezurra eta manipulazioa darabiltza. Erdaldun gaztelaniadunak bihurtzen ditu biktima, eta euskaldunak pribilegiatu eta diskriminatzaile. Egiatan, euskarari uko eginda ingelesaren sustatzaile amorratuak dira; bitartean, euskaldunon eskubideak eremu publikoko arlo guztietan gogorki zapalduz, euskaldunak ikusezin eta ezdeusa izan gaitezen ahaleginduz. PSNk harrokeriaz, eta euskara lotsagabeki politizatuz, euskaldunokiko genozidio kultural programatutako politika aplikatzen du Nafarroan. Izan ere, Euskarari uko egitean, euskarafobo eta inbezilak izaten ahal dira; baina haien boterea euskaldunon eskubideak zapaltzeko baliatzen dute. Batzuek alderdi progresistatzat dute; egiatan, euskarafobo eta zapaltzaileak dira.
Bihar, Iruñean, Sorionekuk deituta, Nafar euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioa egon da.
Nafarroako presidente eta Iruñeko alkate(sa) izendatzeko garaian, datorren legealdia izan bedi Nafar euskaldunon eskubideak bermatzeko benetako oinarriak jarriko dituena; bestela, hobe oposizioan, borrokan.