Inertzia hitza baliatu behar nuelako, hiztegira jo dut argibide bila. Euskaltzaindiaren hiztegiak bi adiera jasotzen ditu: lehenengoa, 'materiaren ezaugarria: gorputz batek bere mugimendu egoeraren aldaketei kontra egitean datzana' (autoan abiaduran goazenean, bolantea azkar biratuz gero, gure gorputzak aurreko norabidean segitu nahi izaten du); bigarrena, 'arrazoitu gabe eta ohitura hutsez ekintza bat errepikatzeko joera'. Azkeneko adiera honetarako RAE akademia espainiarrak, zehaztapena eginez, 'utzikeria' gehitzen dio, latineko 'inertia' formatik, ekintza falta.
Halakoxea gertatzen ari ote den, oro har, euskaldunen eta euskaltzaleen mugimenduarekin. Izan ere, garai batean susperraldia izan zen euskararen eta, oro har, euskal kulturaren alde (ikastolak, euskaltegiak, hedabideak, eskola publikoak, teknikarien sareak, kantagintza…). Alabaina, urteak daramatzagu sugar hura itzaltzen ariko balitz bezala, edo behintzat ez garatzen. Sortutako tresna haiek eta jende askoren gogoak desgaste inertzia batean sartuak ote diren. Eta, teknologiak gizartean iraulia ekarri du. Erdararen presioa arlo guztietan izugarria, are gehiago gazteengan. Administrazioa, legedia eta epaitegiak, oldarkor. Ordezkari politiko ustez euskaldunen eraginkortasuna eta jarrera eskasa eta akonplejatua, erdaraz
barra-barra, euskara desitxuratuta. Erdararen itsaso zabal horretan, euskarazko erreferenteak txiki eta ahulduta. Berria egunkariko gutun batean leituta, Gernika herrian euskaraz aritzeagatik gazte bati 'etarra' eta 'vaskito'. Horrela, ezin argiago azalduta.
Igandean bozka ematera deituta geunden. Nork bere arrazoiak izanen ditu: Jendarte koloredun eta askea, ala zuri-beltza eta autoritarioa. Justizia soziala ala jauntxoen zikoizkeria, gehiegizko diruzalekeria. Tren soziala ala txikizioaren kultura. Nafarroaren hitza eta erabakia, ala kanpotik ezarritako neurria. Baina, bada bat oso kontuan hartzekoa, eta ez soilik iganderako, legealdi osorako behar lukeena, euskaldun eragile izatearena. Alde batera inertziak eta utzikeriak. Bozka euskaldun!